GARA Euskal Herriko egunkaria

Nazioartean erreferente izan nahi du Mondragonek Rodriguezen etapan

Mondragonek urteroko Kongresua egin du Bilboko Euskalduna Jauregian, eta 2025-2028 aldirako Politika Sozioenpresariala onartu du aho batez, besteak beste, Korporazioa «mundu mailako erreferente kooperatiboa» bilakatzea helburu izango duena. Pello Rodriguez presidente berriak izango du hori gauzatzeko ardura.

Iñigo Ucinek (ezkerrean) erretiroa hartuko du eta Pello Rodriguez (eskuinean) izango da Mondragoneko presidente berria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mondragon taldeak aho batez onartu zuen atzo 2025-2028 aldirako Politika Sozioenpresariala, eta horrekin, negozioen lehiakortasuna indartzeko bidea hasi du, Korporazio «irekiago» baten eskutik. «Mundu mailako erreferente kooperatiboa» bilakatzea du helburu, eta horri ekingo dio abuztutik aurrera presidente izango den Pello Rodriguezek.

Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuen urteroko kongresua Mondragonek, eta bertan izan ziren taldeak biltzen dituen kooperatibetako ordezkariak, 650 pertsona guztira. Ekitaldi horrekin, presidente aldaketa irudikatu zuen Korporazioak: abuztuaren lehenengotik aurrera, Pello Rodriguezek (Urretxu, 1975) hartuko du buruzagitza, Iñigo Ucinen partez.

Aurtengo edizioan, besteak beste, taldeko organo korporatiboek -bai Batzorde Iraunkorrak, baita Kontseilu Orokorrak ere- egindako kudeaketa aurkeztu zuten organo bietako presidenteek, Leire Mugerzak eta Iñigo Ucinek, hurrenez hurren.

Bestalde, Pello Rodriguezek 2025 eta 2028 artean Mondragonek aplikatuko duen Politika Sozioenpresariala aurkeztu zuen, eta aho batez onartu zuten kooperatibistek. Taldeko hurrengo presidentearen esanetan, «kooperatiba guztientzako ekintza plan bat» izango da, urte horietan bide-orri lanak egingo dituena.

Plan horretan zehazten denez, Mondragon Korporazioak «lankidetzaren indarraren bidez gizartea eraldatzen duten pertsonekin munduko erreferente kooperatiboa izatea» finkatu du helburu nagusi gisa, baina ez hori bakarrik: «Lidergo posizioak» lortzeko asmoa agertzen du, «lehiakorragoak, kooperatiboagoak eta aldaketetan arinagoak izateko eta gizartea eraldatzeko funtsezko eragile izateko».

Horretarako, lau ardatz estrategikorekin egingo du lan Korporazioak: konpromisoa eta identitate kooperatiboa; etorkizuna daukaten negozio berriak abiatzea, kasurako, Adimen Artifizialarekin lotutakoak; Mondragon «irekiago» bat sustatzea eta kooperatiben inpaktu soziala balioestea; eta elkarren arteko lankidetza, egitura berriekin kooperazioa sustatzeko.

PRESIDENTE BERRIA

Atzoko Kongresua azkena izan zen Ucinentzat, hilabete bukaeran erretiratuko baita, Korporazioaren Kontseilu Orokorrean bi agintaldi egin ostean. Pello Rodriguez Zabaletak hartuko du testigua abuztuaren 1etik aurrera.

Rodriguez Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziatua da, EHUn eta Parisko Ecole Nationale d'Arts et Metiers-en. 2000. urtean hasi zuen bere ibilbide profesionala Danobat S. Coop.en, proiektuen kudeatzaile gisa, eta hurrengo urteetan nazioarteko esperientzia hartu zuen Ingalaterrako (Newall) eta Alemaniako (Overbeck) filialetan. 2007an kooperatibaren Torneaketa eta Artezketa negozioaren ardura hartu zuen. Ondoren, 2013an, zuzendaritza nagusian sartu zen, eta zuzendariorde izan da 2015etik.