2024 UZT. 19 Etorkinen aurka eta langile estatubatuarren alde mintzatu da Vance, Trumpen bigarrena AEBetako alderdi errepublikanoaren konbentzioko azken-aurreko eguneko protagonista J. D. Vance Ohioko senatari gaztea izan da. Trumpen presidenteorde izateko hautagaiak liderrarekiko leialtasuna eta estatu industrialetan bizi diren langile estatubatuarrekiko keinuak uztartu ditu bere mezuan, Milwaukeen elkartu diren milaka lagunen aurrean. J. D. Vanceren hitzaldia, atzo, Milwaukeeneko Pfister hotelean. (Anna MONEYMAKER | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA Hauteskundeak Herdoilaren Gerrikoan (Rust Belt) jokatuko direla oso zabalduta dago. Errepublikanoen konbentzioa Wisconsinen da (Milwaukee hirian), Donald Trumpen aurkako erasoa Pennsylvanian mitina ematen ari zela gertatu zen, eta bihar Michiganen izango dira Trump eta Vance. Ez da harritzekoa, beraz, langile klase zuriaren irudi gisa aurkeztea presidenteorderako hautagaia. Egiaz, Yaleko unibertsitatean (ekialde progresistan) egin zituen ikasketak, eta profesionalki arrisku-kapitaletan aritu da Silicon Valleyn, Kalifornian. Trumpen presidenteorde izateko izendapena onartu zuen asteazken gauean Vancek. Trumpek Pennsylvania, Michigan eta Wisconsineko langileen botoak behar ditu irabazteko, baina ez du itzalik egingo dion inor nahi alboan. Vancek ondo ulertu du hori: 2016an, “Hillbilly Elegy” liburu arrakastatsua idatzi zuen sasoian, Trumpekiko kritiko izan ostean, damua agertu eta liderrarekiko esaneko eta otzana izango dela erakutsi du. Luzaroan gutxietsi du Vancek berea ere baduen langile zurien ondare hori; kreditu bidez etengabe zorpetuta ezinean bizirautea eta alkoholarekiko eta beste droga batzuekiko menpekotasuna egotzi izan die. Milwaukeen kontrako bidea hartu zuen, behargin horien jatorria aldarrikatuz, eta bere ama goraipatuz: «Harro diot gaur hemen dagoela nire ama, 10 urtez garbi eta tantarik probatu gabe». Ohioko bere jaioterria «Washingtoneko klase agintariak baztertu eta ahaztutako leku bat» dela esan zuen Vancek. Horren aurrean Trumpen egitasmoa «oso sinplea eta era berean oso indartsua da. Aski da, jaun-andreok, Wall Street-en zerbitzura egoteaz. Langilearekin konprometituko gara» -atzo bertan Trumpek Bloombergen egindako elkarrizketa batean Jaime Morgan, Wall Street-eko JP Morgan-eko burua, Finantza-idazkari posturako nahi duela esan zuen-. Inkestek diotenaren arabera, estatubatuarren %22k Vanceren aldeko iritzia daukate, eta %31k, aurkakoa. Beraz, herritarren erdiek ez dute iritzirik; horiek konbentzitu nahi ditu, beraz, muturreko trumpista eskuindar gisa baino langile estatubatuarren defentsan -«lana kentzera eta soldatak jaistera datozen arrotz ilegalen aurka»-, Txinaren aurrean jarrera protekzionista bultzatuz. J.D. Vanceren diskurtsoak langile estatubatuarren aldekoa dirudien arren, errepublikanoek zabaldu nahi duten irudian pixka bat arakatuta oso bestela ikusten da. Gutxieneko soldata igotzeko proposamenean, errepublikano guztiek, baita Vancek ere, aurka bozkatu zuten. AFL-CIO sindikatuen federazioak salatu duenez, Trumpen ticket-eko kideak bultzatutako lege-proposamenen artean dago enpresariek sindikatuak aintzat hartu gabe jardutea. Era berean, langile-elkartea sortzea erraztuko lukeen legediari ezetz esan izan diola salatu du AEBetako sindikatuen federazio handienak. Bestelako gai batzuen artean, harro kontatu zuen Milwaukeen bere amonak -2005. urtean hil zen, Irakeko gerra hasi aurretik- «19 arma kargatu» zeuzkala etxean, edozein lekutan egonda ere armaren bat eskueran izateko. ARMAKHarro kontatu zuen Milwaukeen bere amonak «19 arma kargatu» zeuzkala etxean. «Leku guztietan ezkutatuta zeuden; ohe azpian, mahai-tresnen kutxan, armairuan... Adineko emakume hauskor honek, edonon zegoela ere, bere familia babesteko behar zuen guztia eskura zuela ziurtatu zuen. Horregatik borrokatzen gara. Hori da espiritu estatubatuarra». DISKURTSOAJD Vanceren diskurtsoak langile estatubatuarren aldekoa dirudien arren, errepublikanoek zabaldu nahi duten irudian pixka bat arakatuta oso bestela ikusten da.