2024 UZT. 19 SKYWALKERS: A LOVE STORY Thriller erromantikoa ala arduragabekeria? G.I. HERNANI Aurtengo Sundanceko Zinemaldiko lan arrakastatsuenetako bat izan da. Dokumental honek Angela Nikolau-ren eta Ivan Beerkus-en bizitza erakusten du, munduko eraikin altuenak esploratzen dituzten bitartean. Errusiako bikote honek munduko eraikinik altuenak eskalatzen eman du bere bizitzaren zati handi bat. Maitasun istorio baten eta thriller baten arteko nahasketa dela esan daiteke, beraz. Sortzaileek, zazpi urte baino gehiago behar izan dituzte ikus-entzunezkoa gauzatzeko. Joan den Sundance Zinemaldiko aurkezpen ekitaldian, Jeff Zimbalist eta Maria Bukhonina zuzendariek hau aipatzen zuten: «Oso hunkigarria izan da bikotearentzat bere istorioa pantaila handian lehen aldiz ikustea; negar asko egin dute. Hainbat urte iraun duen prozesu baten itxiera izan da». “Rooftopping” delakoa babesik gabe eta soilik eskuekin eraikin edota egitura handiak eskalatzeko ekintzari deritzo. Angela Nikolau eta Ivan Beerkus ekintza horiek egiten dituzten bi gazte dira. “Influencer”-ak direla ere esan daiteke; izan ere, bien artean milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzte sare sozialetan eta ausardia/erokeria hauek guztiak bertan partekatzen dituzte biek.