GARA Euskal Herriko egunkaria

Instrumentalizazioa (I)


Ausardia handia erakutsi du Marianne Hirsch-ek dibulgazio akademikoko argitalpen batean asteon idatzitakoarekin. Israel palestinarren kontra egiten ari den genozidioaz AEBetan lerro ofiziala zein den kontuan izanda eta Holokaustoa Oroitzeko Nazioarteko Aliantzak antisemitismoaz emandako definizio berria aintzat hartuta (zeinak Israeli zuzenduriko kritikak juduei eraso egitearekin parekatzen dituen), Israel eta haren alde ari direnak Holokaustoaren memoria instrumentalizatzen ari direla salatu izanak hautsak harrotuko ditu, zalantzarik gabe.

Ez hori bakarrik. Berak bezala beren ibilbide akademikoa Holokaustoaren azterketara zuzendu dutenek instrumentalizazio horretan jokaturiko rola aitortzen du, mundu akademikoan gutxitan ikusten den autokritika ariketa eginda.

Nazien bortxa jasan zuten juduen bizipenak eta haien ondorengoek heredaturiko trauma (azken hori Hirschek berak aztertu eta “postmemory” edo memoria-ostea izendaturikoa) hobeto ulertu eta gogoratzeko ariketan, gertaeraren apartekotasuna indartzen lagundu dute. Familian bertan Holokaustoaren biktima eta bizirauleak dituen Hirschek argi dio: senideen bizipenek sakon markatu duten arren, bera, 13 urterekin Errumaniatik AEBetara errefuxiatu gisa heldutako judua, ez da Holokaustoaren biktima bat eta ezin du esperientzia hori berea bezala aldarrikatu.