GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Zierbenaren distira eta Arraun Lagunaken estualditik ateratzeko trebetasuna

Galipoek denboraldiko bigarren bandera irabazi zuten Barbanza de Arousan, eta Donostiarrak eman zuen beste ezustekoa, bigarren bukatuta. Euskolabel ligan, Tolosaldeak ongi estutu zuen arren, ezin izan zuen saihestu “Lugañeneren” garaipena.

Zierbenako eskifaia, artxiboko irudian, joan den astean, Bilboko Bandera irabazi osteko ospakizunean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Denboraldiak aurrera egin ahala, traineruak badoaz haien mailarik onenera hurbiltzen, eta horrek are koloretsuago jartzen du txapelketa. Bai, behintzat, Eusko Label ligan, Zierbenak bere bigarren bandera irabazita, Urdaibairen nagusitasuna zalantzan jarri dezakeen ontzia dela berretsi baitzuen. Euskotren ligan, aldiz, gaur-gaurkoz, nobedade gutxi, irabazle bakarra baitago, Arraun Lagunak, baina hau ere apur bat gehiago sufritzen ari da, Tolosaldearen lan onaren ondorioz.

Sufrimenduan arreta jarriz gero, ordea, Ribeiran lan gehien izan zuen ontzia Hondarribikoa izan zen, alde handiz gainera. Ohorezko txandan aritzera ohituta, gaur, Boiron, lehen txandatik aritu beharko du “Ama Guadalupekoak”. Bere txandan oso atzean geratu zen, Zierbenatik 52 segundora zehazki, eta San Pedro eta Bueuren denborak bakarrik hobetu zituen.

Hain zuzen ere, puntuen dantza handia utzi zuen atzo Barbanza de Arousa eskualdean lehiatutako estropadak, eta finean hori da arraunzaleentzat gatza eta piperra, lehian dihardutenentzat hala ez den arren. Izan ere, Zierbenak, beste bandera bat astindu ez ezik, beste bi puntu jan dizkio Urdaibairi, hirugarren egin baitzuen “Bou Bizkaiak”, bigarren txandan aritu zen Donostiarraren atzetik bukatuta.

Galipoen garaipenarekin batera, “Kaiarribak” eman zuen eguneko ezustekoa, asteburuak pasatu ahala bere onenera itzultzen ari den seinale. Gisa horretan, Boiron ohorezko txandan lehiatuko da gaur, Zierbena, Urdaibai eta Oriorekin batera.

ETXEAN BEZALA

Distira bereziz aritu zen Zierbena, etxean arituko balitz bezala. Ondo datozkio Rias Baixasko estropada tokiak -iaz Moañan ere garaipena erdietsi zuen-. Urdaibairekin parez pare aritu zen lehen bi luzeetan, betiere segundotxo bat aurretik eginez. Segundo hori handitzen joan zen hirugarren luzean, brankan, azken ziabogan lau segundoko tartea sartu baitzion Urdaibairi. Jakina da poparean “Bou Bizkaiak” ateratzen duen potentzia, baina atzo itzulera ez zuen ongi bideratu Gorka Aranberrik eta palada bakoitzean tartea zabaltzen jarraitu zuten galipoek, Ribeirako ur eta haize nahasietan trebezia erakutsita.

XV. Bilboko Bandera astindu zuen joan den asteburuan, denboraldiko lehendabizikoa, Urdaibairen monopolioa hautsiz. Atzo beste kolpe bat eman zuen, “Bou Bizkaiarekin” batera ontzi indartsuena dela azpimarratuta. Bukaerarako, bederatzi segundoko aldea atera zion inoizko Urdaibai indartsuenari. Azkar esaten da, baina zinez zeregin konplikatua izan behar du.

Zierbena legez, poparean oso ongi moldatu ziren Donostiarra eta Lekittarra. Azken luzeko lehen eta bigarren denbora onena markatu zuten hurrenez hurren. Kaiarribak ohorezko txanda dauka sari bezala, Isuntzak behealdeko aurkariei sailkapenean tarteak irekitzea, bai eta Ondarroak ere, atzokoan bosgarren eginda sailkapenaren erdialdean sendotu baitzen.

ERRONKA SERIO HARTU DUTE

Une oro tarteak zabaltzen ari dena eta nekatzen ez dena Arraun Lagunak da. Brankan, hasi eta berehala, hiru segundoko abantaila lortu zuen, baina, aurrekoetan ez bezala, aurkariek ongi eutsi zuten, lehen ziabogaraino. Orio atera zen ziabogatik bigarren, baina Tolosaldeak hauspoa erakutsi zuen poparean, Donostian egin bezala. Parez pare kokatu zen Arraun Lagunak-ekin, 700 metroren faltan. Pultsu ikusgarria izan zen. «Trabatu» egin zen “Lugañene” baina «gure lana egiten jarraitu dugu eta irabazi egin dugu». Zazpigarren bandera astindu zuen, eta dena irabazteko erronka serio hartu dute donostiarrek.