2024 UZT. 22 AEB-ETAKO LEHENDAKARITZARAKO HAUTESKUNDEAK Bidenek bazterrera egin eta Harris izendatu du presidentegaia izateko Azken asteotako presioari men eginez, Joe Bidenek hauteskundeen lehian alde batera egitea erabaki du. AEBetako presidentea izatea «bere bizitzako ohorea» dela esan ondoren, Kamala Harrisen alde egin du. Hala, azken asteotako dinamika hautsi du Bidenek. Lehen emakume afro-amerikarra Etxe Zurira bidaltzeko aukerak erabat irauli du hauteskunde kanpaina. Joe Biden eta Kamala Harris, Etxe Zurian, 2023ko irailaren 21eko argazki batean. (Saul LOEB | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA Joe Bidenek bere kontu pertsonala baliatu du, Estatu Batuetako hauteskunde presidentzialetako lehian bazterrera egiten duela adierazteko. «Nire bizitzako ohore handiena izan da zuen presidente gisa lan egitea», dio AEBetako presidenteak sinatutako gutunak. «Nire asmoa berrautaketa bazen ere, uste dut nire alderdiaren eta herrialdearen onerako dela bazterrera egitea, eta agintalditik geratzen denerako presidente gisa ditudan ardurak betetzean bakarrik arreta jartzea». Bidenek dio aste honetan emango dituela detaile gehiago erabakiari buruz. Segidan, Bidenek, pluralean jarraituz, bere Administrazioak egindako lana gogorarazi du: «Gaur AEBek munduko ekonomia sendoena daukate. Inbertsio historikoak egin ditugu gure nazioa berreraikitzeko, nagusientzako botiken kostua jaisteko, osasun zerbitzuak hedatzeko (...) 30 urtean lehen aldiz, armen segurtasunerako lege bat onartu dugu. Auzitegi Gorenean lehen aldiz afrikar-amerikar emakume bat izendatu dugu. Eta munduaren historian klima legedi esanguratsuena onartu dugu. Estatu Batuak inoiz ez da gaur egun bezain ondo kokatuta egon, gidaria izateko». HARRISI BABESA Lehen oharretik ordu erdira, bigarren ohar bat atera zuen Joe Bidenek, alderdikideei zuzendua: «Adiskide demokratok, izendapena ez onartzea erabaki dut». Txioan argazki bat zetorren, Biden bera Kamala Harrisekin batera, biak irribarretsu, oinez, elkarri helduta. Irudiarekin batera testuak ere argitzen zuen egunotako zalantzetako bat: Bidenek bere presidenteordea babestea. «Nire lehen erabakia 2020an hautagai izendatzean Kamala Harris presidenteorde gisa hartzea izan zen. Eta egin dudan erabaki onena izan da. Gaur nire laguntza eta babes osoa eskaini nahi diot Kamalari, gure alderdiko hautagaia izateko aurten. Demokratak: elkartzeko eta Trumpi irabazteko garaia da. Goazen bada», adierazi zuen. Baziren zurrumurruak Joe Bidenek igandean adieraziko zuela lehiatik kanpo geratzeko asmoa, baina horien arabera, presidenteak Harris goraipatu bai baina ez zuen presidenteordea babestuko hautagai izateko. Horrek, nolabait, Harris hautapena bideratuta utziko zukeen, primarioetako prozesuari eta konbentzioari bere rola betetzen utzita. Azkenean, Kamala Harrisek Bidenen babes osoa jaso du. Horrenbestez, Alderdi Demokratako beste kideren batek bere burua aurkez badezake ere, ia ziurra da Harris izango dela datorren hilean Chicagon konbentzio demokratak izendatuko duen lehendakarigaia. Bidenen erabakiaren osteko lehen orduetan ikusitakoaren arabera, Kamala Harrisen izendapenak oso sendoa dirudi. Hasteko, Bidenen alde jarraitzen zuten talde garrantzitsuek Harrisi babesa berehala emango diotelako. Batzuek egin dute dagoeneko. Pramila Jayapal Ordezkarien Ganberako demokrata progresisten buruak segituan babestu zuen Kamala Harris. Baita Bill eta Hillary Clintonek ere. Caucus afro-amerikarrak ere Bidenekin dagoela esana zuen asteotan, eta, hala ez bazen, ez zutela onartuko Kamala Harris ez zen inor. Izan ere, beste inork baino gehiago daki komunitate afro-amerikarrak zer den luzaroan zain egotea eta, bere txanda dela dirudienean, eskuetatik kentzea horrenbeste itxarondakoa. Bestalde, ezin ahaztu Bidenen balizko ordezko gisa aipatu diren izenetako gehienek badutela dagoeneko kargu bat, eta ez edonolakoa: beren estatuetako gobernadoreak dira. Gavin Newsom eta Gretchen Whitmer Kalifornia eta Michigango gobernadoreek, esate baterako, aditzera eman dute honezkero ez direla presidentegaiak izateko lehiatuko. Colorado, Illinois edo Pennsylvaniako buruen izenak ere aipatu izan dira asteotan, baina ez dirudi uneotan duten ardura arriskuan jarriko dutenik, ia erabakita dirudien hautagai bati aurre egiteko eta, bidean, alderdi demokrata bera ahultzeko. Besterik da, Harrisen izendapena ziurtatuz gero, nor hartuko duen egungo presidenteordeak haren bigarrena izateko boto paperetan. Pennsylvania izanik azaroko hauteskundeen emaitza ebatziko duten estatuen artean garrantzitsuenetakoa (2016an Trumpek irabazi zuen, 2020an Bidenek), Josh Shapiro bertako gobernadore demokrata da gehien aipatu denetako bat. Joe Bidenen oharra zabaldu eta berehala, AEBetako demokraten artean etengabeak izan ziren presidentearen aldeko mezuak, haren «eskuzabaltasuna» eta «patriotismoa» nabarmentzen. Etxe Zuriko bizilagunak herrialdea egoera ekonomiko onean jartzea lortu du pandemiaren ondoren, baita neurri sozial garrantzitsuak hartzea ere. Baina onarpen maila behe-behean izan du azken hilabeteetan, eta Donald Trumpen atzetik ageri da inkesta gehienetan. Hautagai errepublikanoa kriminalki errudun izendatutako politikaria izan arren, AEBetako eskuina bere inguruan batzea lortu du, autoritarismoa darion agenda politiko batekin. Azken asteetan etenik gabeak izan dira Trumpen aldeko albisteak: presidente zela izendatu zituen epaileek gainerako auzi gehienetatik libratu dute, eta Pennsylvanian duela hamar egun jasandako hilketa saiakerak are bultzada handiagoa eman dio. ERREPUBLIKANOAK Atlantako debatean duela ia lau aste demokratentzat hasitako etsipen giroa eten du Bidenek erabakiak. Etengabeko esker ona jasotzen ari da. Orain, alderdiak Kamala Harrisen inguruan batuta jarraitzen duen ikusi beharko da. Errepublikanoek, euren aldetik, asteak daramatzate Harrisen aurkako kanpaina prestatzen. Batetik, immigrazioan dituen arduretatik hasita, presidenteorde gisa berari egokitu baitzaio Amerika Erdialdeko gobernuekin lan egitea. Bestetik, demokratikoki ez hautatzea aurpegiratuko diote; 2020ko primarioetan hautagai izateko egindako ahaleginean ez zen urtarrileko Iowako caucusetara ere iritsi. Trumpek erabili izan dituen isekazko izengoitiak aintzat hartuta, «laffin Kamala» (beti barrezka dagoen Kamala) ez da izan zezakeen zorrotzena ere. Zernahi dela, Trumpen kanpainako buruek aitortu dute euren karta nagusia Joe Bidenen adinean eta Estatu gobernatzeko ezintasuna azpimarratzean zegoela. Trumpen ohiko zabarkeriaren ondoan, txukun bete dituzte azken asteak, isilik ere bai egun askotan, demokraten barne sesioek aparteko bultzadarik behar ez zutelakoan. Biden zahar eta ahularen ondoan, ia adinkide duen Trump ezin indartsuago erakustea zen estrategia. Orain, Biden erretiraturik, errepublikanoei estrategia hori birrindu zaie, eta azaroaren 5era arte iraungo duen kanpainako jokoa berriz zabaldu da. BABESABidenen lehen mezua estatubatuar guztientzat izan da, lehiatik erretiratzeko erabakiaren berri ematen. Bigarrenean, alderdikide demokratei zuzenduta, Kamala Harris presidenteordea babesten duela adierazi du. IZENDAPENAKamala Harrisek esan du Alderdi Demokrataren «izendapena irabaziko» duela Chicagoko konbentzioan datorren hilean, eta «Trumpi gailenduko» zaiola datorren azaroaren 5eko hauteskunde presidentzialetan.