2024 UZT. 22 ARRAUNA Urdaibairen erreakzioa eta «Lugañeren» gozamena ”Bou Bizkaiak” bezperan Ribeiran galdu zuena berrekuratu zuen atzo, Boiron, estropada horretan irabazten duen bosgarren bandera astinduz. Sailkapen nagusian lidergoa sendotu zuen, Zierbenari beste bi puntu aterata. Arraun Lagunak, bestalde, dena irabazita iritsi da ligako ekuatorera. Arraun Lagunak-eko eskifaia, artxiboko irudi batean, Andrea Astudillo patroi duela. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Ane URKIRI ANSOLA Galdutakoa irabazita, joan den asteburuko abantaila berari eutsi dio Urdaibaik, Eusko Label ligako sailkapenari dagokionez. Lasaitasuna berreskuratu dute Iker Zabalaren mutilek, herenegun Zierbenak Ribeirako bandera astindu eta atzo Kaiarribak garaipena gertu ikusten baitzuen. Sasoi honetan lehen aldiz asteburu osoan hutsean geratzeko zorian ikusi zuen bere burua “Bou Bizkaiak”, gainera, Boiroko korronte nahasietan, ohorezko txandan haizea zakartu eta laugarren kaletik arraun egitea egokitu baitzitzaion. Lehen kaletik, Donostiarrak abantaila polita pilatu zuen lehendabiziko bi ziabogetan -bigarrenean, lau segundoko aldea zeukan Urdaibairekiko-, baina bermeotarrek, kale eskasenetik arituta ere, ongi eutsi zituzten indarrak eta azken luzean, poparean, beraien bereizgarri den potentzia atera eta donostiarrak gainditu zituzten. Ohorezko txandan lehiatu ziren Igor Makazagarenak, Ribeiraiko lan onaren sari bezala, eta atzo, garaipenak azken unean ihes egin bazien ere, Galiziako lanarekin oso kontent egon behar dute donostiarrek. Onenekin lehiatu ez zena baina bere zeresana eduki zuena bukaerara arte Hondarribia izan zen. Larunbateko lan makurra ederki konpondu zuen “Ama Guadalupekoak”, eta banderaren lehian egon zen, azken unean, ehuneko batzuengatik, Zierbenak ere pasatu egin zion arren. Galipoek Ribeiran Urdaibairi jan zien bi puntuak ezerezean geratu ziren Boiron eta berriz ere zazpi puntu daude bien artean. San Pedro izan zen Boiroko beste irabazlea, zortzigarren denbora onena egin eta Kaikuri -ziabogan sekulako kalapita egin zuen- lau puntu janda. ARRAUN LAGUNAK, NEKAEZIN Puntuen dantza handiena Euskotren ligan dago, bigarren postutik laugarrenera. Aldiz, lidergoan ezin sendoago mantentzen da Arraun Lagunak. Boiron, lehen kalearen babespean, erakustaldia eman zuen “Lugañenek”. Juan Mari Etxaberen beldur handiena da taldea erlaxatzea, eta asteburuan hori landu duela onartu zuen: «Gaur disfrutatu nahi zuten eta lortu dute. Estropada menderatu dugu». Hala, ligaren ekuatorera dena irabazita iritsi da Arraun. Donostiarrak egin zuen bigarren. Poparean Tolosaldeak estututa sufritu zuen arren, ongi eutsi zuen Rufo Urtizberearen eskifaiak. Hala, bigarren postu horretarako lehia erabat estutu zuen; hiru ontzi daude hiru puntuk banatuta. SAN JUANKAE 1 zein ETE ligan asteburuan jokatu zen Pedreña estropada. Gizonezkoetan San Juanek sendo eusten dio lidergoari, beste garaipen bat pilatuta. Emakumezkoetan Astillerok irabazi zuen eta Zumaiak laugarren egin zuen; Kantabriako taldea da lider berria.