2024 UZT. 24 KOLABORAZIOA Efemeridearen gurpilean Fito RODRIGUEZ Idazlea Eugene-François Vidocq bidelapur ospetsua 1775. urteko gaur bezalako egun berean jaio zen, eta, denboraren poderioz, detektibe eta polizia famatu bihurtu zitzaigun bere bizitza Victor Hugok literaturara ekartzeagatik, baita zineman ikusi ahal izan diren film ezberdinak direla medio ere (“Vidocq” 2001eko thrillerra, Jean-Christophe Grangek zuzendua, eta Gerard Depardieu protagonista duena baita “L‘Empereur de Paris” izenekoa, historia generoko film frantsesa, Jean-François Richetek zuzendua eta 2018an estreinatutakoa, Vincent Cassel aktorearen lankidetzaz)... Vidocq pertsona, gaizkile bat izan arren, bere oroitzapenak idatzirik utzi zituen polizia izan zen, eta Vidocq pertsonaia kondaira bihurtu zen, ia kontaezin diren istorioak literaturara ekarri zituena. Armadan izena eman zuen, baina bere izaera liskartsuagatik ez zuen luze iraun, desertore bihurtu, austriar lerroetara pasatu zen, baina ihes egin behar izan zuen jipoitua izan ez zedin. Belgikan paper faltsuez babestuta, Vidocq, kontrairaultzaileak ehizatzeko aitzakiarekin, lapur talde batekin elkartu zen besteena zena bereganatzen besterik egiten ez zuena. Espero bezala, atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Bere kontaktuez baliaturik amnistia lortu zuen, eta hamabost egun baino gutxiagoan Lyongo kriminal gehienak kartzelatzen hasi ziren Poliziarekin kolaboratzen hasi zelako. Poliziarekin urtebeteko lankidetza estua izan ondoren, Poliziak berak prestatu zuen Vidocqen ihesa, espetxetik kanpo haiekin batera lanean jarrai zezan. Une horretan hasi zen Vidocq kamaleonikoaren kondaira. Horrela, mozorroaren artea maneiatzen ikasi zuen, baita pertsona ezberdin ugarien antza hartzen ere. Hain ongi interpretatzen zituen bere pertsonaiak, non behin bere burua hiltzeko kontratatu baitzuten. Bere metodoak, bada, ez bide ziren oso ortodoxoak eta Poliziaren ofizialeen artean susmagarri bihurtu zen, baina, halere, 1811n Vidocqek Brigade de la Sûrete (Segurtasun Brigada) sortu zuen. Agente sekretuen talde bat izan zen hori, talde kriminalen artean infiltratzea eta informazioa biltzea helburu zuena, eta, hala bazegokion, besteen planak ezagutzeko eta etsai haiek atxilotzeko haien egitasmoak bertan behera utz zitzaten. Lortutako arrakasta handiaren ondorioz, hurrengo urtean aipatu brigada Poliziaren gorputz ofizial gisa ezarri zen hura, eta Vidocq izendatu zuten haren arduradun. Urteetan zehar, askotariko pertsonek osatu zuten polizia-gorputz hori. Kide asko gaizkile ohiak izan ziren, baina poliziak, ikertzaileak, medikuak eta baita eskaleak ere bazeuden. Hiria eta bertako biztanleak ondo ezagutzen zituztenak izan ziren hango partaideak. Istorio honek modu oso lausoan uzten ditu delitugilearen eta poliziaren, akusatuaren eta epailearen, gaizkiaren eta legegilearen, gezurraren eta politikaren arteko mugak, beraz. Egungo egoera ikusita, ez dirudi Vidocqen historia legenda bat besterik denik, baizik eta bizi garen errealitatea hobeto ezagutzeko metafora literario bat. Istorio honek modu oso lausoan uzten ditu delitugilearen eta poliziaren, akusatuaren eta epailearen, gaizkiaren eta legegilearen, gezurraren eta politikaren arteko mugak