GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal kantagintza eremu berrietara eramateagatik, Abadia saria Ordorikari

Ruper Ordorika abeslari eta musikariak jasoko du Abadia saria, «euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eramaten» egindako lanagatik eta euskararen mundutik irten gabe «unibertso propio bat» sortzen asmatu izanagatik. Lau hamarkadako ibilbidearen aitortza egingo dio horrela Gipuzkoako Aldundiak. Errekonozimendu hori irailaren 12an jasoko du, Hendaiako Abadia jauregian.

Ruper Ordorika kantari eta musikari oñatiarra. (Jon URBE | FOKU)

Ruper Ordorika musikari eta abeslari oñatiarrak jasoko du aurtengo Abadia saria. Kantagile oñatiarrak lau hamarkadan zehar euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpena aitortuko dio horrela Gipuzkoako Diputazioak.

«Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz. Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari», esan zuen saria iragartzean Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak.

«Euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eraman zuen, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan. Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari», adierazi zuen, eta, bakarka zein taldean, rocka nahiz kantu tradizionala uztartu dituela ekarri zuen gogora. Halaber, balioan jarri zituen nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkarlanean lanean aritu izana eta literatura eta artearen arteko zubiak lantzeko izan duen gaitasuna.

Bere hitzetan, plazaratu dituen «proposamen esanguratsu eta berritzaileek, lan guztietan sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioak», euskaldunon azken hamarkadetako kultur «erreferentzia nagusien» artean kokatzen dute Ruper Ordorika. Saria irailaren 12an jasoko du, Hendaiako Abadia jauregian.

POTT BANDA ABIAPUNTU

Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) hamabi urterekin joan zen Gasteizera bizitzera. Bertan ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat ekimenetan; horien artean nagusia Pott Bandaren sorrera da, gerora kantariaren ibilbidean garrantzi handia izango zuena. Bertan elkartu zen gerora hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde.

‘‘Hautsi da anphora’’ (Xoxoa-Elkar, 1980) lehen diskoak oso kritika onak izan zituen, euskal kantuaren ordura arteko munduarekin alderatuz molde berriak jorratzen bazituen ere. Atxagaren ‘‘Etiopia’’ (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen. Ordutik diskografia zabal eta askotarikoa ondu du Ordorikak, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat musikarirekin elkarlanean. Aurtengo martxoan argitaratu du azken diskoa, ‘‘Bakarka II’’.

ABADIA SARIAREN 25. EDIZIOA

Sariari berari dagokion beste iragarpen bat ere egin zuen Mendizabalek. Hurrengo edizioan sariak 25 urte beteko ditu eta «gehiago prestigiatzea eta garrantzi instituzional handiagoa ematea» izango dute xede: «Euskararen biziberritzean eredugarriak diren pertsona, proiektu eta elkarteen lanari aitortza publikoa eskainiz, hizkuntzari berari eta hiztun komunitateari berari eredu adierazgarriak eskaintzen dizkiogu», aipatu zuen, eta dagoeneko ideia edo jomuga berri horri forma emango dioten arauak lantzen ari direla esan zuen.

Abadia saria 1996an sortu zen euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko. Bi urtean behin eman izan da, eta azken bi edizioetan Fagor Taldea eta Garabide elkartea izan dira sarituak.