2024 UZT. 28 ARRAUNA Mailua aterata eta «apisonadora moduan» gailendu dira Urdaibai eta Arraun Lagunak Bermeotarrek zazpigarren bandera astindu dute Getxon, hasieratik nagusitasuna erakutsiz. Zierbena bigarren izan da eta Orio, hirugarren. Euskotren Ligan, Arraunek den-dena irabazteko helburuarekin jarraitzen du bederatzigarren bandera astinduta. Gorka Aranberri, Urdaibairen zazpigarren bandera astinduz. (Gorka RUBIO | FOKU) Imanol CARRILLO Denboraldia hasi zenetik ari gara aipatzen Urdaibai eta Arraun Lagunak-en nagusitasuna. Lehenek zazpigarren bandera astindu zuten atzo, Getxoko uretan, eta donostiarrek bederatzigarrena irabazi zuten, azken hauek urteko den-denak etxera eramanda. Garaipenaz harago, adierazgarria da bi ontzien nagusitasuna. Eusko Label Ligaren kasuan, egia da Zierbenak bi bandera irabazi dizkiola Urdaibairi, baina bermeotarrek badakite azkar burua altxatzen eta atzo oso nabarmena geratu zen. Gorka Aranberri patroiak eta Iker Zabala entrenatzaileak oso argi zuten hasieratik aritu behar zutela mailuarekin. Indartsu hasi zen “Bou Bizkaia” lehen paladetatik eta lehen luzean erabakita utzi zuen estropada. «Gorka, mailua!», oihukatzen zion aurikularretik Zabalak Aranberriri. Eta Zarauzko patroiak, urteek ematen duten esperientziaz baliatuta, arraunlariei aginduak ematen jarraitu zuen. Estropadako momentua zen. Bigarren ziabogan 5 segundoko aldea zuten Zierbenarekiko, 7 Oriorekiko eta 18 hasieratik oso urrun geratu zen Hondarribiarekiko. “Ama Guadalupekoa”-ren helburua sailkapen nagusira begira ahalik eta puntu gutxien galtzea zen, baina bigarren maniobra horretan dagoeneko bigarren txandan aritu zen Donostiarraren denbora baino motelagoa markatu zuen. Eta, egia esate aldera, Getxon ikusitakoaren arabera, Donostiarrari bigarren txanda txiki geratzen zaio. Hori bai, estropada guztietan atzo bezala lehiatu beharko du, ohorezko txandan aritu nahi badu. Arkaitz Diaz patroiaren arraunlariek oso lan txukuna egin zuten hasieratik amaierara. Getaria izan zuten aurkari “bakarra”. Lehen ziabogan lorturiko 3 segundoko aldea, zortzikoa izan zen hurrengo maniobran. Momentu horretan Unax Eizagirre Getariako patroiak «ez erori» esaten zien bere arraunlariei, baina Donostiarra oso nagusi zen eta abantaila handituz joan zen. Hori bai, azken luzean “Torrekua II.a” ontziak ezin zuen abantaila handitu, baina alde nabarmena zuen eta lasai irabazi zuen txanda. Atzetik, Cabok eta Ondarroak lehia mantendu zuten txandako hirugarren postua lortzeko, baina galiziarrak izan ziren garaile. Ondarroak goitik behera egin zuen nabarmen, eta azkenean lehen txandan aritutako Kaikuren atzetik sailkatu zen. Lehen txandan, arantza oso handia zuen Kaikuk ateratzeko. Aurreko igandean, Galiziako uretan, azkenak izan ziren. Atzo, aldiz, bikain aritu ziren. Bizkaitarrek San Pedrok hasieran agertutako nagusitasunari aurre egin behar izan zioten. Azken luzean, lau ontziak istriborrera joan ziren haizeagatik. Estrategia horretan ondo kokatu zen Lekittarra, besteekin konparatuz, eta ondo atera zitzaion, asko hurbildu baitzitzaion San Pedrori, baina azkenean ezin izan zuen pasatu. Isuntzak estropadako lehen herenean egindako lan txarra ordaindu zuen eta, nahiz eta San Pedrorengandik oso gertu amaitu, azken-aurreko postuarekin konformatu behar izan zuen, oso atzean geratu zen Bueuren aurretik. BEDERATZIGARRENA Arraun Lagunakek badu beste bat. Atzo, Oriok hasieran aurrea hartu bazuen ere, Euskotren Ligako liderrak ez zion aukerarik utzi eta aurrera pasatu zen segituan. Emozioa bigarren posturako lehian egon zen. Donostiarrak eta Oriok lehia bizia izan zuten azken unera arte eta soilik 38 ehuneneko aldea egon zen bi traineruen artean. Horien atzetik sailkatu zen Hondarribia, lehen txandako azkarrena. Egia esan, berdeak «apisonadora» bat izan ziren. Hala esaten zion bere taldeari Iker Cortes entrenatzaileak Miren Garmendia patroiari aurikularretik hizketan. Hibaikak ere maila ona eman zuen, baina ia hamar segundoko aldea egon zen bi ontzien artean. Gaur lehia Lekeition izango da.