2024 UZT. 29 DENBORA AURREKONTUEN INKESTA Emakumeak, urtean 267 ordu gehiago etxeko lanetan Pentsa zer egin daitekeen, opor garai honetan, 11 egunekin. Ba, urte batean, denbora hori guztia gehiago eskaintzen diote EAEko emakumeek etxeko lanak egiteari gizonezkoek baino. Datuek arrakala txikitzen ari dela dioten arren, oraindik ere nabarmena da. Gizonezkoek, aldiz, lanean eta aisian denbora gehiago inbertitzen dute. Haur zein helduen zaintzan desberdintasun nabarmenak daude, batez ere lehenbizikoen kasuan. (Jesus HELLIN | EP) Aitor AGIRREZABAL Eustat-ek aste honetan argitaratu du Denbora Aurrekontuen Inkesta (DAI), bost urtean behin egiten dena. Inkesta horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen ohitura sozialei eta eguneroko bizimoduari buruzko informazio zehatza ematen du, eguneroko denboraren erabileraren ikuspegitik, eta egunean zehar egindako jardueren arteko banaketa neurtzen du. Hainbat datu deigarri eskaintzen ditu egungo gizartea irakurri eta azken hamarkadetako hainbat eboluzio ulertzeko. Azken honek argi uzten du, oraindik ere, gizon eta emakumeen arteko arrakala nabarmena dagoela lan- eta denbora-banaketan. Laginik adierazgarriena etxeko lanetan agertzen da. 2023an EAEko biztanleek 2 ordu eta 15 minutu ematen zituzten etxeko lanak egiten; 2018an baino 10 minutu gehiago. Bost urtero argitaratzen du Eustatek inkesta hau eta, beraz, azken bosturtekoan izan den garapena aztertzea ahalbidetzen du. Emandako datuen arabera, 16 urtetik gorako herritar gehienek parte hartzen dute etxeko lanetan, zehazki %92,6k. Batez beste 2 ordu eta 26 minutu ematen dituzte hainbat jardueratarako, hala nola otorduak prestatzeko, garbiketa egiteko edo erosketak egiteko. Azken bost urteetan partaidetza ehuneko 12,1 puntu igo da, eta horrekin batera etxeko lan horietan parte hartzen duen pertsona bakoitzak erabilitako denbora murriztu egin da (9 minutu gutxiago). Esan bezala, gizon eta emakumeen arteko arrakalaren erakusle dira etxeko lanak. Beti izan dira eta gaur egun ere ez da ezberdin. Izan ere, jarduera horren parte hartze tasa 2023an %90,3koa zen gizonen kasuan eta %94,8koa emakumeen kasuan. Aldea bada, nahiz eta nabarmen murriztu den 2018ko emaitzekin alderatuz (%72,1 eta %88,2, hurrenez hurren). Eskainitako denboran ere gizonen eta emakumeen arteko aldeak ere behera egin du, baina oraindik ere, 2023an emakumeek gizonek baino 44 minutu gehiago ematen zituzten. Urteko 365 egunak kontuan hartuta, 16.060 minutu. Edo beste modu batean esanda, 267 ordu baino gehiago. Hau da, 11 egun oso-osorik baino gehiago. Duela bost urte, berriz, eguneko ordubete eta 11 minutuko arrakala zegoen. 18 gau eta egun gehiago ematen zituzten urtean emakumeek etxeko beharrei aurre egiteko. Otorduak prestatzen, etxea garbitzen, arropak kudeatzen eta erosketetan denbora gehiago joaten zaie oraindik ere emakumezkoei. Jatekoa prestatzen egunero 18 minutuko aldea dago (ordu eta 16 minutu, 58 minuturen aldean), garbiketetan 19koa (ordu eta hiru minutu, 44 minuturen aldean), arroparen kudeaketan 13 minutukoa (48 eta 35 minutu, hurrenez hurren) eta lau minutukoa erosketak egiten (50 eta 46 minutu). Gizonezkoek, aldiz, emakumeek baino sei minutu gehiago pasatzen dituzte etxeko konponketak egiten (33 minutu eta 27 minutu) eta lau minutu gehiago (51 minutu eta 47, hurrenez hurren) etxeko egunerokotasunerako beste kudeaketa batzuk egiten. ZAINTZAK Zaintza lanetan ere, arrakala hori erakusten dute Eustatek eskainitako datuek. 2023an, egunero ordubete eta 16 ordu ematen ziren haurrak zaintzen (biztanleriaren % 14,5ek parte hartzen dute jarduera horretan). Oro har, emakumeek ordu eta hogei minutu eskaintzen dizkiete egunean lan hauei, gizonezkoek baino 11 minutu gehiago; batez ere nabarmena da hau jaioberrien kasuan, non egunean 43 minutu gehiago ematen dituzten emakumezkoek (ordu eta 50 minutu). Hortik aurrera (1-14 urte) berdindu egiten da batzuen eta besteen denbora inbertsioa baina, hala ere, egunean bost minutu gehiago ematen dituzte emakumezkoek haurren zaintza lan horietan. Arrakalarik nabarmenena, baina, pertsona helduen zainketan dago. Jarduera hori egiten duten gizonek (%19,8) ordubete eta 25 minutu ematen dute egunero, eta emakumeek (%26,3) ordu eta 55 minutu. Hau da, urtean 187 ordu gehiago eskaintzen dizkiete emakumeek zaintza lanei (zazpi egun baino gehiago). Helduen zaintzan emandako denbora 2018an baino txikiagoa da, bai gizonena (44 minutu gutxiago), bai emakumeena (10 minutu gutxiago). 2018arekin alderatuta, oro har, murriztu egin da erabilitako denbora eta zainketa-taldearen jardueretan izandako parte-hartzea. LANEAN, GIZONAK GEHIAGO Bestetik, emakumeek 2 ordu eta 19 minutu ematen dituzte batez beste soldatapeko lan nagusian, gizonek baino 41 minutu gutxiago (3 ordu). Jarduera honetan emakumeen %34,1ek hartzen dute parte, hau da, gizonek baino ehuneko 5,5 puntu gutxiago (%39,6). Emakumeen batez besteko iraupena (6 ordu eta 47 minutu) gizonena (7 ordu eta 34 minutu) baino txikiagoa da, 47 minutuan. Alde hori murriztu egin da 2018tik, orduan ordubete eta minutu batekoa baitzen. Bigarren lan batean desberdintasunak ere nabarmenak dira. Izan ere, ordubete baino gehiagoko aldea dago egun bakoitzeko. Gizonezkoek bi ordu eta 44 minutu ematen dituzte bertan, emakumeek egun bakoitzeko egiten dituzten ordu eta 40 minutuen aldean. Lan formakuntzan eta prestakuntza arautuan ere gizonezkoek igarotzen duten denbora handiagoa da, baina alde nabarmen estuagoarekin. Zaintza lanei denbora gutxiago eskaintzen zaie, beraz; kirola, ostera, kontrako norabidean doa, Kirola egiten denbora ematen duten pertsonak %21,7 ziren 2023an, hau da, 2018an baino ehuneko 4,5 puntu gehiago. Hala ere, batez besteko tartea apur bar laburragoa da. 2023an, ordubete eta 27 minutu ematen zituzten egunero, 2018an baino apur bat gutxiago (ordubete eta 30 minutu). Oro har, gizonek ordubete eta 36 minutu ematen dituzte aisialdi aktiboan eta kirolean; emakumeek, berriz, ordubete eta 15 minutu. Beraz, 21 minutu gehiago eskaintzen dizkiote gizonezkoek. Gaur egun, paseatzen eta txangoak egiten dituzten pertsonen proportzioa handiagoa da, %43,7, ordubete eta 49 minutuko batez besteko denborarekin. 2018an baino 33 minutu gutxiago. 2023an, gizonek emakumeek baino 9 minutu gehiago ematen zituzten jarduera horretan, egun bakoitzeko. Atal honetan, emakumeek gizonezkoek baino denbora gehiago soilik ordenagailu eta bestelako informatikaren erabileran pasatzen dute. Zehazki, bost minutu gehiago (ordu eta 36 minutu, ordu eta 31 minuturen aldean). Era berean, euskal biztanleek 2 ordu eta 33 minutu ematen dituzte aisia pasiboarekin lotutako jardueretan, batez ere irakurketan eta telebista ikusten (ikuskizunetara joatearekin, zaletasun artistikoekin, jolasekin eta abarrekin batera). Hemen ia ez dago alderik, emakumeek egunean minutu bat gehiago ematen baitute (bi ordu eta 34 minutu eta bi ordu eta 33 minutu). EBOLUZIOA Datu hauek eskuan, nabarmena da oraindik ere pertsonen denboraren banaketan desberdintasun esanguratsuak daudela gizonezko eta emakumezkoen artean. Eustatek 2018an eta 2023an argitaratutako taulak bata bestearen ondoan jarrita, ikus daiteke ez dela aldaketa adierazgarririk izan. Hori bai, izan direnak, modu sinplean bada ere, arrakala horiek desagertzeko norabidean izan dira. Alabaina, azken hamarkadetako garapena ikusteko tresna baliagarria da. Oso adierazgarria da zainketa pertsonalei EAEn duela 30 urte baino 50 minutu gehiago eskaintzen dizkietela herritarrek. Etxeko lanetan ere, duela hiru hamarkada baino 33 minutu gutxiago pasatzen dira, nahiz eta 2018ko datuekin alderatuta, gaur egun 10 minutu gehiago ematen diren, orain arteko beherako joera apurtuz. Aldatu den beste joera etxeko pertsonen zaintza da. Gero eta denbora gehiago eskaintzen zitzaion 1993tik 2018ra, denbora ia bikoiztuz. 2023an, aldiz, nabarmen behera egin zuen zainketa hauei batez beste eskaintzen zaien eguneko tarteak. Kontrako aldean, lanari eta formakuntzari eskainitako denbora da hamarkada hauetan aldaketa txikiena jasan duena. Duela 30 urte hiru ordu eta 9 minutu eskaintzen ziren, eta gaur egun bi minutu gehiago eskaintzen dira, duela bost urteko zifra bera. Urte hauetan guztietan 2013ko zenbakiak dira atentzioa ematen duten bakarrak, 2008 krisiaren ondokoak, non bi ordu eta 48ra jaitsi zen.