GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Neguko buzoa jantzita aurre egin zioten beroari Etxeberria-Mariezkurrenak

Aurkarien defentsan zirrikiturik aurkitu ezinean, partidaren lehen erdian hainbestean eutsi zioten Ezkurdia-Albisuk, baina etsita amaitu zuten, Larraintzarren, aurkarien lan sendoaren aurrean. Punturik batu ezinik jarraitzen dute.

Erasoan aritzeko aukera gutxi izan zituen Ezkurdiak eta, gainera, ez zuen askorik asmatu. (Iñigo URIZ | FOKU)

Faboritoen artean ageri ziren udako Mastersa aurkeztu zutenetik eta, lehen bi jardunaldiak igarota, bikote oso sendoa direla berretsi zuten Peio Etxeberriak eta Jon Mariezkurrenak Larraintzarren. Altuna-Iztueta eta Laso-Tolosarekin batera sailkapenaren tontorrean dira, Barakaldoko azken orduko estutasunak ahaztuta. Ultzaman bero sapa izan den arren -Ezkurdiak erdi zorabiatuta amaitu du tenperaturaren eraginez-, neguko edo txapelketako buzoa jantzita aritu ziren ultzamarra eta berriozartarra eta, aurkariei arnasa hartzeko zirrikiturik utzi gabe, partidaren erdira arte hainbestean eutsi zioten Ezkurdia-Albisu desesperatzera edo itotzera heldu ziren. Txanpon beraren beste aldea dira sakandarra eta ataundarra, jokatutako bi partidak galduta, Nafarroa Arenarako bidea zailtzen ari baitzaie, nahiz eta erakutsitako maila ez zen horren baldarra izan.

Egia da hiru egun lehenago atzelari jokatuta maila oso polita emandako Ezkurdiak tanto bakarra amaitu zuela eta hori beti da kezka iturri aurrelari batentzat, baina pilotalekuak berak eta bere lagun Peio Etxeberriak erakutsitako defentsa sendoak ere parte handia izan zuten lehorte horretan. Eta Jon Mariezkurrenak ere bultzatu zuen berea.

Argi dago beroak neguko hotzek baino mesede handiagoa egiten diotela berriozartarraren eskuei eta, uda sasoi honetako partida ia denetan bezala, etengabe erakutsi zion bizkarra nahiko sendo agertu zen Jon Ander Albisuri. Hasierako txanpa horretan Peio Etxeberria ere zorrotz aritu zen, gehiegi arriskatu beharrik gabe, tantoak amaitzeko orduan, eta faboritoak 6-1 aurreratu ziren.

ERREMATERAKO LANAK

Larraintzarkoa, ordea, ez da errematerako esker oneko pilotalekua eta partida asko gogortu zen. Lehen zortzi tantoak egiteko (6-2), esaterako, 235 pilota gurutzatu behar izan zituzten batzuek eta besteek, jokoan markagailuan baino parekotasun handiagoa zegoen seinale.

Hortxe topatu zuten arbizuarrak eta goierritarrak partidari nolabait heltzeko modua, erasoan kamuts aritu baziren ere, aurkariek egindako opariei etekina atera nahian. 6-10ekoan egin zuen, ordea, partidako bere tanto bakarra Joseba Ezkurdiak, ederra oso, behe-behetik zabalera bikain irekita, baina Peio Etxeberriaren defentsa gainditzeko egin behar izan zituenak ederki erakusten du tanto horrek, pilota alderik alde erabili behar izan baitzuen.

Etxean aritzea ez da beti esker onekoa izaten, baina ultzamarrak maila bikaina erakutsi zuen; ez agian bere atzelariak bezain distiratsu, baina partidak eskatzen zuena ondo baino hobeto interpretatu eta aurrean gehiegi nahastu gabe. Ostiralean elkarren aurka jokatuak ziren bi lagun nafarrak Ordizian, eta orduko arantza kendu zuen Zenotzekoak.

Materialak ere ez zien mesede handirik egin ez Ezkurdia-Albisuri, ez ikuskizunari Larraintzarkoa bezalako pilotaleku zakar batean, eta partida ikaragarri gogortu zen sasoi honetako partida baterako.

Normala izan daitekeen bezala, lehen atsedenaldira 12-7 erretiratu ostean, partidaren bigarren erdia oso bestelakoa izan zen, aurkariengan zirrikiturik topatu ezinik, Ezkurdia-Albisu desesperatu egin baitziren partidari buelta emateko modurik topatu ezinda.

Egin zituzten tanto apurrak aurkariek egindako hutsak izan ziren, baina inola ere ez partidari ihes egiteko moduan. Datuek ederki islatzen dute partidaren bi zatietan egon zen aldea; lehen atsedenaldirako 427 pilotakada gurutzatu zituzten eta partida amaieran zenbatutakoak 595 izan ziren. Puntuak, ordea, Etxeberriak eta Mariezkurrenak baino ez zituzten batu.