2024 ABU. 05 Aldaska Jon GARMENDIA Idazlea Arnasa batekin sartu eta beste batekin atera, hala egiten dela hegazkin batetik. Egindako bidaia, igarotako orduak eta abar bigarren mailako detaileak direla pentsatzen dut. Heraklitok erran bezala, gizaki berak ezin du erreka bera zeharkatu, ez baita ur bera izango ez eta gizakia bera ere. Baina nire borondatez hegazkin batean egon nintzen azken aldian zigarreta bat erretzen aritu nintzela oroitu naiz, eta horrek ia Jurasikora naramala ekarri dit kokapenera. Denbora tarte gutxi batean zenbat gauza aldatu diren, ezta? «Il faut que tout change pour que rien ne change» erraten ikusi dut Delon, Viscontik Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen “Il Gattopardo” filmarekin, hau ere aspalditxoko luzea. Dena aldatu behar da, ezer alda ez dadin. Gure etxetik hasita munduan, beharbada. Baina nork aldatuko duen, nola, eta noiz, galdera hauek ekuazioan sartzea garrantzitsua iruditzen zait eta hau dena beste kupel bateko sagardoa da. Denon hoberako izanda gure herri txikian zerbait aldatzea zerbait handia iruditzen baitzait, hasteko. Hegazkin batetik ateratzen eta beste batean sartzen ikusi dugu aste honetan Pablo Gonzalez, Errusiak egindako negoziaketa, aldaketa, kanje… nik zer dakit ba zer hitz! Eta hasi da hitzontzien erretolika, hau eta beste, paranoia eta konspiranoia. Nehor gutxik arrazionalizatuko du sufritu duen guztia, justiziaren logika guztietatik at, berak eta bere ingurukoek baino ez dakite. Lehen ez, orain zoriontsu daude, hasteko, maite dut aldaketa hori.