2024 ABU. 05 HONDARTZETAKO SAREREN ETA ETXERATEN MOBILIZAZIOA «Denok gara irabazle eskubideenurraketa bukatzen denean» Etxeratek eta Sarek deituta, Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetara eraman zuten presoak etxeratzeko aldarria, abuztuko lehenengo igandean, urtero egin ohi duten ekimenean. Elkarbizitza sustatzeko eskatu zuten, salbuespenezko espetxe politikak dakarren eskubideen urraketa bukatzeko eta «denok irabazle ateratzeko». Mobilizazioa, Ondarretako hondartzan, Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Nerea LAUZIRIKA IBARRANGELU Hamarkada batzuk bete ditu jada ekimen honek: abuztuko lehenengo igandearekin batera, gehienetan, presoen eskubideen aldeko aldarrikapena Euskal Herriko hondartzetara heldu da. Bertakoei udan ere bere horretan jarraitzen duen salbuespenezko espetxe politika gogorarazi eta kanpotik etorritako udatiarrei egoeraren berri emateko baliatu zuten parada. Aurtengo honetan sei hiri eta herritan gauzatu zuten ekimena: Donostian, Orion, Mutrikun, Bakion, Laidan eta Lekeition. Egungo egoerara egokitutako mezua utzi zuten horietan guztietan: «Dispertsioari amaiera ematea lortu genuen bide beretik lortuko dugu etxeratze prozesua bukaeraraino gauzatzea». Aurten, berritasun gisa ere, lehendabiziko aldiz Sarerekin batera antolatu du normalean Etxeratek antolatzen duen ekimen hau, senideak biltzen dituen elkartearen eta herritarrek osatutako sarearen arteko elkarlanean pauso berri bat emanez. Izan ere, «indarrak batzea ezinbesteko zaigu fase berri honetan», azaldu zuten. Laidako hondartzako mobilizazioa Arketa atsedengunetik abiatu zuten. Lehenik eta behin, Urdaibai Kantaguneak “Txoria txori” kantatu zuen, bertaratutakoekin batera. Gero, bertan elkartu zen jende mordoak txistu eta panderoen doinuekin kalejiran hartu zuen hondartzarako bidea, uretatik hainbat piragua lagun zituztelarik, batzuk zein besteak “Etxera” leloa zeraman banderolak eskuetan. Udako egun ezin hobea izanik, jendez lepo zegoen Laidako hondartza, baina manifestazioari bidea zabaldu zioten eguzkipean kiskaltzen ari zirenek. Hondarretatik atera eta atsedengunera buelta egin zuten orduan, eta bertan jarraitu zuen ekitaldiak. Kantuz eman zioten hasiera eta Koldo Gezuragaren eta Ibai Amillaren bertsoekin jarraitu. Horren ostean, adierazi zuten Laidako hondartzan ez ezik beste hainbatetan ere egiten ari zirela antzeko ekitaldiak, urtero legez. Laidakoan, ordea, prentsa askatasunaren inguruan ere aritu ziren. Izan ere, eskualdeko bizilaguna da berriki Polonian aske geratu den Pablo Gonzalez kazetaria. Hura ere preso politikoa izan dela esan eta argi utzi nahi izan zuten «Polonian kazetaritza delitua ez den moduan, Gazan ere ez» dela delitu, eta Israelek hildako kazetariak oroitu nahi izan zituzten. Laidako hondartzako ekimena hasi zuten moduan bukatu zuten bertan elkartu ziren denek, kantuz, Urdaibai Kantagunearen eskutik. Sei hondartzetan egindako adierazpenetan, honakoa nabarmendu zuten antolatzaileek: «Herri honetan gertaturiko gatazkak utzi dituen ondorioen konponbidea beharrezkoa dela aldarrikatzeko elkartu gara». Baina ez aldarrikatzeko bakarrik, baita «euskal gizarteak aurrera egin behar duela eskatzeko» ere. Horrela, azpimarratu nahi izan zuten «beharrezkoa» dela «gatazkaren ondorioen konponbide prozesuari aterabidea ematea» eta «elkarbizitzari ateak irekitzeko unea» dela. ELKARBIZITZA ERAIKITZEKO, SUFRIMENDUA AMAITU «Gatazkak utzitako hainbat ondoriok eragiten jarraitzen duen sufrimenduarekin eta injustiziarekin amaitu behar dugu», azpimarratu zuten. Izan ere, argi esan zuten elkarbizitza eraikitzeko ezinbesteko pausoa dela sufrimendua bukatzea, eta euskal herritarrak horren zain daudela: «Azken hamarkada honetan euskal jendarteak argi utzi du gatazkaren ondorioei aterabide osoa emateko duen prestasuna». Halaber, sufrimendu guzti-guztiak amaitzeko beharra nabarmendu zuten, «preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko aterabidea eman, eta herri honetan bizitako biolentzia guztien biktimen mina aitortzeko», hain zuzen ere. Alde horretatik, egun indarrean dagoen eta zigorra eta, ondorioz, sufrimendua, «behar baino gehiago» luzatzen duen salbuespen legedia indargabetzea konponbiderako nahitaezkoa dela esan zuten. Ildo horretan kokatu zuten beren aldarrikapena Sarek zein Etxeratek, hitz batean laburbilduta: «Etxera». «Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetatik ‘etxera’ aldarrikatu nahi dugu, Euskal Herri zabaletik ‘etxera’ aldarrikatu nahi dugu, zinez pentsatzen dugulako badela garaia». Plazaratu dituzten eskaerak aldarrikapen izatetik behingoz errealitate izatera igaro daitezen nahi dute, «denon lorpena». Izan ere, seguru daude aurrerapauso horrek Euskal Herriko jendarte osoari mesede egingo diola: «Denok pozik sentiaraziko gaitu, denok irabazle egingo gaitu». Hori xehatuz hau gaineratu zuten: «Bai, denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean». Sei euskal hondartzetan elkartu ziren ehunka lagunek aldarria ozen eta ezin argiago bota zuten, eta eskatu zuten «atea zabalik» uzteko «elkarbizitzaren agertokietarako, memoria inklusiboaren agertokietarako, berriz elkartzeko agertokietarako». Udako kanpainaren barruan sartzen da dagoeneko ibilbide luzea duen hondartzetako mobilizazio hau. Horren barruan hurrengo geltokia Gasteiz izango da gaur bertan, hots, Andre Maria Zuriaren egunean: 20.30ean Andre Maria Zuriaren Enparantzatik abiatuta, “Etxera” aldarrikapena ozen entzungo da berriz bertako jaietako egun nagusian. «Azken hamarkada honetan euskal jendarteak argi utzi du gatazkaren ondorioei aterabide osoa emateko prestasuna duela. Elkarbizitza sendoa eraikitzeko, sufrimendu guztiekin amaitu behar da» «Denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu sufrimendua ekuazio politikotik kanpo uzten dugunean»