GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Inferentziak


Nahitaezkoak izaten dira inferentziak espioitza-nobeletan. Halakorik gabe ez dute funtzionatzen. Datu egiaztagarri batetik edo bestetik eratorri behar izaten baita gainerako guztiaren sinesgarritasuna. Haatik, «datua» ez denean datu, eta beste datu egiaztagarriago batzuek hura ezeztatzen dutenean, beste genero batekoa da jada izkribua. Libeloa, adibidez.

Oraintxe bertako adibidea: moldezko hizkietan ere irakurri ahal izan dugun inferentzia da “Espioi-truke batean barne hartu badute Pavel Gonzalez... espioia (izango) zen”. Zoztor txiki bat du inferentziak: «espioi» izenlaguna inferentziagileak -berak jakingo du zergatik- ezarritako «odolkia» dela. Zuzenean aritu direnek ez dute halakorik esan; eta zerrendak xehe aztertuta, espioirik apenas, eta bestelako askotarikoak, kausitzen ditut nik behintzat truke horretan.

Inferentziak egiteko gai naizelako ni ere, neure ergelean. Adibidez, Gerskovitx kazetariari eta haren konpaiei harrera egin dien segizio jendetsuan protokoloz han izan behar zuen Estatu-idazkariaren absentziatik inferitu dut beharbada ez nenbilela ohi bezain oker aurretiaz nerabilen beste inferentzia batean: 2023ko otsailaren 19an Blinken horrek egin zuen hanka-sartze eskandalagarriak (datua da) jarri zuela kazetari gizajoa segada are eskandalagarriagoaren ituan. Baina nobela beltzekoa litzateke hori, beharbada.

Aldiz, trukearen aurrean poloniar agintariei antzeman diedan lasaituak (datua dela esango nuke) eta espainiarren isiltasun ikusgarriak (datua da, ezbairik gabe) inferituarazi didate oker nengoela orain arte Pavelen kasuaren nondik norakoari buruz nerabilen inferentzian. Uste bainuen txarkeriaren egilea Polonia zela, eta Espainia konplizea. Eta alderantziz izan dela guztiz ziur nago orain. Inferentzia hutsa da.

Baina iruditzen zait datu bakarrak ere ez duela inferentzia hori ezeztatzen, baizik alderantziz. Eta ondorengo egun/asteek lagun dezaketela batzuentzat «espioi-nobela» den hori gehixeago argitzen.