2024 ABU. 06 «Negu gorri» baten eskutik, uda oparoa J Martina taldearentzat Estudioko bigarren diskoa kaleratu du J Martina taldeak, “Negu gorri”. Hiruko formazioan aurkezten ari dira beren lan berriena Ane eta Kattalin Barcena eta Javi Jorajuria, eta NAIZ Irratiko “Musikharia” saioan izan genituen diskoa xehatzeko. «Negu gorri» estudioko bigarren diskoa herriz herri aurkezten dabil J Martina hirukoa. (Maria MURIEDAS) IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Zortzi abestiz osatutako diskoa kaleratu dute J Martina taldekoek 2024 honetan, ‘‘Negu gorri’’. Lo-Fi ukitua eta ye-ye erritmoetan hasi eta bachata batean bukatzen den ‘‘Paktua’’ da horietako bat, aurrerapen kantu gisa ezagutu genuena. Horren aurretik, ordea, ‘‘Negua’’ abestia dator, Imanol Enbeita bertsolariak XIX. mendean abestutako bertso bat oinarri duen sarrera, garai zaila eta gordina dela aipatzen duena. Sekulako bideoklipa egin dio Ximon Agirrek ‘‘Esku burdin’’ kantuari, ahotsaren prozesamenduak eta erabilerak garrantzi berezia duen abestiari. Nabari da disko honetan mimo berezia jarri dietela ahotsei J Martinakoek. ‘‘Bilbo’’ kantuan hiri zatitu bat irudikatu digute; abestirik politikoena dela dirudi, «baina ez, abesti erromantiko bat da erabat», esan digute taldekideek. Rhythm and blues ukitua du kantak; pianoaren beroa du eta baxuaren indar eta presentziak indarra ematen dio. Verde Prato izan dute ‘‘hit’’ gisa katalogatu dezakegun ‘‘Mendekua’’ abestian. Hitz sakonak ditu eta malenkonia kutsu bat ere bai hasieran, baina 90eko hamarkadako popera salto egiten du bigarren erdian. «Hortzak erakutsi eta miazkatu eskua» bezalako esaldiak gordetzen ditu ‘‘Negu gorri’’ kantuak. Areta Senosiain izan dute hemen kolaboratzaile, Ibil Bedi taldeko biolin-jotzailea. Ahotsetan, beste behin, beren marka utzi dute barcenatarrek eta Jorajuriak. HOUSE UDATIARRA House udatiar gisa izendatu dugu ‘‘Gure orbainak’’ abestia. «Pekatu guztiek dute bere ordaina, zureak gehiegi izaten hasi dira. Sendatuko dira gure orbainak, ezingo gara bizi atzera begira»; hori da behin eta berriz errepikatzen dena abestian. Melodia itsaskorrak hitzak ere buruan erraz sartzea ahalbidetzen du. Badakite poparen tresnak mezuaren mesedetan jartzen J Martinakoek. ‘‘Fusila’’ kantua da diskoko zortzigarrena eta azkena, ‘‘Adore 2.0’’ gisa ere uler zitekeena, nahiz eta argi utzi duten ez dela horrela. Euskal folketik abiatzen direla esan daiteke, ekialderantz soken bitartez joan eta aldaketa guztizko batera iritsi artean. Beste abesti interesgarri bat zakurako. Zuzenean, hurrengo geldialdia abuztuaren 10ean egingo dute, Lekeition, eta, atzetik hilaren 11n Kanbon eta 15ean, etxean, Larrabetzun, izango dira. Abuztuaren 16an Gernikan, 17an Deban eta, atzetik, iragartzeke dauden hainbat tokitan ere aurkeztuko dute ‘‘Negu gorri’’. Negua gorria bada, uda oparoa izaten ari da J Martina taldekoentzat. ZATITUA«Bilbo» kantuan hiri zatitu bat irudikatu digute; abestirik politikoena dela dirudi, «baina ez, abesti erromantiko bat da erabat», esan digute taldekideek.