2024 ABU. 06 Txikitik Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Udaren bueltan izan ohi dira kultur ekitaldi erraldoiak, kontzertuenak batez ere. Badira baita ere kultur adierazpen desberdinak hartzen dituzten bestelako jaialdi ospetsuak eta jendetsuak ere, betiere aurrekontu eta antolaketa lan handiekin, eta babesle komertzialen, instituzio publikoen zein hedabideen babesarekin. Horrelako ekitaldiek aukera eman ohi dute bestela zail izango liratekeen ekoizpenak ikusteko. Uda bueltako lau hilabeteak pasatutakoan, ordea, ohiko normaltasunera itzuliko dira kultur ekitaldiak ere. Udatik kanpo, kultur bizitza txikitasunetik mantenduko da, aurrekontu mugatuekin eta, enpresa handien antolaketaren ordez, kultur talde eta eragileen zein udaletako teknikarien eskutik, askotan elkarlanean arituz; espazio txikietan eta zabalkunde handirik eduki gabe, baina herrietan ezinbestekoak izango direnak, musika, arte eszenikoak eta literatur jardunak herritarren eskura izan daitezen. Musean bezala, handitik eta txikitik jokatzen jakin behar da hemen ere, benetan jokoari mamia ateratzeko, eta hankamotz ez geratzeko. Askotan, ordea, badirudi bakarrik handira jokatzea maite dutela instituzioek, eta horrela eginez gero, agian une batean irabaziko duzu, baina luzera galdu egingo duzu, txikia kontuan hartzen ez bada handia handiustea bihurtzen baita. Kontalaritza, baina, beti txikitik ari da. Handira jokatzeko badugu garaia.