GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ultraeskuina ez da animalia mitologiko bat


Lehenik eta behin, ultraeskuina mugimendu baten lider totalitarioak dira, beren jarraitzaile autoritario eta biolentoak xaxatzen dituztenak, eurak bezalakoak ez direnak edo desberdin pentsatzen duten pertsonak eta komunitateak indarkeriaz jazar ditzaten. Gezurretan ari diren komunikabideak dira ultraeskuina; ahulenen aurkako aurreiritziak elikatzen dituzten propagandarako tresnak dira. Politika publiko diskriminatzaileak dira eskuin muturra. Kaleko pertsonak dira, eta esaten dituzten astakeriak ez dira «politikoki ez zuzenak», baizik eta berdintasunaren aurkakoak, gizaki guztien eskubide eta askatasunen kontrakoak. Krudelkeria bidegabea da, etikoki okerra, eta horrela salatu behar da.

Horren guztiaren adibideak etengabe gertatzen dira. Asteburu honetan, Britainia Handian, ultraeskuindar taldeek migranteei eta arrazializatutako komunitateei eraso egin diete, «britainiar balioen» izenean. Gutxienez 250 atxilotu daude. Atzo jakin zenez, Parisko Fiskaltzak Loik Le Priol eta Romain Bouvier ultraeskuindarrak epaitzea eskatu du, 2022ko martxoan Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohia tiroz hiltzeagatik. Espainiako Estatuan, Poliziaren Sindikatu Bateratuak (SUP) 30.000 poliziarentzako prestakuntza akordioa sinatu du Desokupa-rekin, indarkeria eta mehatxuen bidez jendea etxegabetzen duen neofalangisten enpresarekin. Giorgia Meloniren babesarekin, faxista italiarrek abiatu zuten Imane Khelif boxeolari aljeriarraren aurkako kanpaina; gezurrak, gorrotoa, matxismoa eta transfobia ardatz dituen kanpaina, hain zuzen ere. Donald Trumpek Kamala Harrisi buruz egindako diskurtso arrazistak dinamika beraren barruan koka daitezke. Genozidioaren puntu honetara iritsita, horrela izendatzea garrantzi gutxienekoa bada ere, ezin da ahaztu Netanyahuren Gobernua ultraeskuineko Gobernua dela.

Aldi berean, jendarte justuago bat ere ez da animalia mitologikoa, baizik eta proiektu politiko egingarria. Horretarako, komunitateen artean itxaropena eta elkartasuna sustatu behar dira eta arrazakeriari aurre egin behar zaio. Eta, batez ere, ezkerreko politiken eta balioen bitartez, jokabide hauek indartzen dituzten bizi baldintzak hobetu behar dira.