GARA Euskal Herriko egunkaria
ERREMONTEA

Buruz Burukoak berrikuntza du: finala iraileko azken larunbatean jokatuko da

Chillida Lekun aurkeztu zen bihar, Martirena-Jabalera neurketarekin, hasiko den txapelketa. Ohiko egutegitik bi aste atzeratuko dira partidak.

Buruz Buruko pilotariak, Chillida Lekun. (E. VEINTEMILLAS | ORIAMENDI 2010)

Atzo goizean aurkeztu zuten, Chillida Leku museoan, urteko erremonte txapelketa garrantzitsuena: 42. Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa. Egungo erremontelari onenak norgehiagoka arituko dira txapelketa honetan, irailaren 28ko finalean txapela janzteko asmoarekin. Aurtengo berrikuntza hori da, txapelketaren egutegia bi aste atzeratu dela. Txapelketaren historian finala beti jokatzen zen irailaren bigarren larunbatean, baina aurten irailaren azkenengo larunbatean jokatuko da.

Hala, Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.a, aurreko urteko lehenengo hiru sailkatuak, zain daude dagoeneko.

Berez, txapelketa uztailaren 16an abiatu zen, lehenengo faseko partidekin, eta Jabalerak eta Martirenak lortu dute ostegun honetan hasiko den ligaxka-aurrekora igarotzea. Fase honetan hiru partida jokatuko dira guztira. Martirena eta Jabalera arituko dira buruz buru, hurrengo neurketarako txartela lortzeko. Irabazten duen erremontistak larunbatean jokatuko du partida erabakigarria, Azpirozen kontra. Garaileak Urriza izango du zain, abuztuaren 17an.

Egun horretako norgehiagoka irabazten duenak ligaxka jokatzeko ohorea izango du, aurreko urteko buruz buruko hiru erremontelari onenekin batera. Jada zain daude Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.a.

LIGAXKA, 22AN

Ligaxkak sei jardunaldi izango ditu, pilotari guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuazio sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko: 30 tantora iristen den erremontistak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu jasoko ditu; 26 eta 24 artean geratzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena geratzen den pilotaria txapelketatik kanpo geratuko da.

Ligaxka abuztuaren 22an hasiko da eta ondorengo jardunaldiak abuztuaren 24an, 29an eta 31n jokatuko dira. Irailerako geratuko dira azken bi jardunaldiak: irailaren 7an eta 14an. Bi erremontelariren arteko puntu berdinketa badago, bi pilotari horien arteko partida irabazi duen pilotaria sailkatuko da ondorengo fasera. Hiru edo lau erremontistak berdintzen badute, ordea, tanto-kopuru globala hartuko da kontuan. Erremontista batek neurketa bukatu aurretik utziz gero, hurrengo partida jokatu ala ez erabakitzeko eskumena enpresak izango du.

Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontistaren artean finalaurreko partida jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantora jokatuko dute finalerdia, irailaren 21ean. Azkenik, irailaren 28an jokatuko dute final handia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko neurketa irabazten duen pilotariaren arteko lehia izango da Hernaniko Galarretan.