GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Hitzak eta irakaspenak


Gaztelaniaz gerturatu zaigu eta hitz jario ederrean, gainera, eta guk ere hala segitu diogu; ez gaitu harritu, euskaldun ugari egon arren presentzia urria den eremuan ez dugulako azken egunetan euskaraz hitz askorik entzun. Bakan batzuk baino ez ditugu aditu euskaraz eta elkarrizketa abiatu orduko ia gaztelaniara egin dute salto. Ohikoa dugu, gainera, segun eta non gauden hizketaldi oro gaztelaniaz hasteko joera, batzuetan atzera bueltarik ez duten elkarrizketa aldrebesak abiatzeko ez bada ere.

Baina gazteak jakin du euskaldunak garela, umeek hala egin diotelako eta, zuzentasun erabatekoaz ez bada ere, euskaraz hasi zaigu hizketan, esku artean saltzeko daramatzan lepoko, eskumuturreko eta bestelakoak ondoan utzita. Bere herrialdea atzean utzi eta Euskal Herrian bizi da orain eta euskara eta gaztelania ez ezik, beste hainbat hizkuntza ere badakizkiela aitortu digu, dozena erdi baino gehiago denera. Gustatu egiten omen zaio hizkuntzak ikastea eta, bistan denez, horretarako erraztasuna ere badu. Bere istorioaren traza nagusiak eman dizkigu, euskara ederra dela esan, euskaraz hitz egiten jarraitzeko eskatu, haurrak agurtu, opari bana egin eta bere bidean jarraitu du, mahaian eseritakoak zer pentsa utzi eta gero.

Lehen pentsamendua gure aurreiritzien ingurukoa ezinbestean; ez dugu-eta aurreikusi euskara zekiela ez ezik gure aldean hizkuntzari dagokionez jantzia dela gaztea, bai eta beste alor batzuetan ere. Hizkuntzak ikasteko izan ditzakegun motibazioen inguruan hausnartzera ere eraman nau ni, horrenbeste hizkuntzan jakinda sentitu duelako euskara ikasteko grina eta beharra. Nago, sarritan, erabilgarritasunaren edo sariaren ikuspegia gailentzen dela hizkuntzak ikasterakoan eta horrek, noski, batzuei beste batzuei baino abantaila handiagoak ematen dizkiela. Gazteak, ordea, “dibertigarri” eta “aberasgarri” hitzak erabili ditu euskarari buruz eta euskaraz hasi eta buka zezakeen elkarrizketa bestela hasi izanaren pena agertu du, gainera.