2024 ABU. 09 THOSE ABOUT TO DIE Odola, dirua eta botere gosea G.I. HERNANI Urte bukaeran iritsiko den “Gladiator 2” filmaren itxaronaldia arintzeko proposamena izan daiteke honakoa. Gladiatoreen bizitza eta inperioaren azpijoko politikoak oinarri dituen “Those About to Die” telesailaz ari naiz. Aktoreen artean ezagunena Anthony Hopkins den arren, guretzat askoz bereziago den bat topatuko duzue: Eneko Sagardoy. NAIZ-en emandako elkarrizketa batean aipatu zuen: «Ikaragarria izan da! Ia urte osoa, zortzi hilabete, bertan igaro nuen filmaketan. Izugarria izan zen. Alde batetik, Hollywoodeko superprodukzio bat, Erroman. Horrek baliabideen aldetik suposatzen duen guztiarekin. Jende piloa, animalia piloa, diru piloa... Urteko serierik garestiena da mundu mailan! Sinesgaitza den sentipena duzu. Eta are sinesgaitzagoa da gero errodajean lana betikoa dela. Hor ez da ezer aldatzen. Pertsona gehiago dituzu zure eta zuzendariaren artean, baina lana berdina da. Erronka bat izan da ingelesez hitz egitea, inork ezagutzen ez nuen proiektu batean sartzea... Aspaldi ez zitzaidan gertatu azken hau. Asko ikasi dut, asko disfrutatu dut».