2024 ABU. 10 Tapizak Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Ameriketako Estatu Batuen interes inperialista-kapitalista babestea bezainbeste gustatzen zitzaion Nelson Rockefellerri artea bildumatzea. Denetariko artelanak erosi zituen bere bizitzan zehar: koadroak, eskulturak eta baita tapizak ere, bere ahulgunea. Azken horietako asko enkarguz eginarazi zituen gogoko zituen artisten lanetan oinarrituta. Picasso adiskidearen hemezortzi koadroen beste horrenbeste tapiz bertsio egiteko mandatua eman zuen, esaterako, haien artean ‘‘Guernica’’-rena, gerora Happy emazteak, senarraren heriotza ostean, Rockefellerren aitak eraikitzen diruz lagundu zuen Nazio Batuen New Yorkeko egoitza nagusiari mailegutzan utziko ziona. Han jarraitzen du ‘‘Guernica’’ tapizak eskegita, non eta Segurtasun Kontseiluko harrera gunean. 1962an Japoniara epe laburreko dohaintzan heldutako ‘‘Guernica’’-ren Rockefellerren tapiza ikusteko aukera izan zuten japoniarrek Hiroshima eta Nagasakiko tragedien oihartzuna antzeman zuten obran. Handik bi hamarkadetara, Picassok baimendutako ‘‘Guernica’’-ren hirugarren tapiz bertsioak Japoniarako bidea hartu zuen, Gunmako Arte Modernoko Museoaren bilduman betiko geratzeko. Hiroshima eta Nagasakiko hondamendi nuklearren urteurrena ospatzekoa da Japonia egunotan. Israel ekitaldira ez gonbidatzea erabaki du hango gobernuak, palestinarren genozidioa tarteko.