GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Arraun Lagunak txapeldunaren kanoikada; Urdaibaik arantza kendu du

Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak eta Ligako 13 bandera irabazi dituzte donostiarrek, azkena atzo Hondarribian, eta oraindik hiru proba falta dira. Eusko Label Ligan, Urdaibaik Hondarribiari irabazi dio eta aldeak handitu ditu Zierbenarekin.

Andrea Astudillo patroia, Hondarribiko banderarekin. (Jon URBE | FOKU)

Hondarribiko urek, paisaia eta eguraldi zoragarriez gain, oso estropada politak utzi zizkiguten atzo, bai Euskotren Ligan baita Eusko Label Ligan ere.

Emakumezkoen txapelketan, Arraun Lagunak-ek Liga noiz irabazten zuen itxarotea soilik falta zen. Eta atzo gertatu zen, Txingudiko badia ondoan. Noiz? Donostiako Aste Nagusia hasten zen egunean. Urteko 13. bandera eskuratu zuten gipuzkoarrek -16.a Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak kontuan izanda-, oraindik hiru estropada falta direnean.

Ikusgarria izaten ari da Arraun Lagunak-en urtea. Atzokoa hirugarren Euskotren Liga da Donostiako taldearentzat. Baina ez dute hor geratu nahi eta denboraldiko bandera guztiak astindu nahi dituzte. Horretarako, gaur, Pasaian, beste hitzordu bat izango dute, eta hurrengo asteburuko Zarauzko bi jardunaldiak faltako lirateke oraindik.

Arraun Lagunak ezin du inork harrapatu, ez sailkapen nagusian eta ezta uretan ere. Atzo 14 segundoko aldearekin irabazi zion Donostiarrari eta 23 segundogatik Tolosaldea aurkari zuzenari. Orio laugarren izan zen, eta etxean aritu zen Hondarribia bosgarren.

Hain zuzen ere, berdeak, lehen txandan aritu diren bakoitzean, oso nabarmen gailendu dira aurreko estropadetan. Atzo, nahiz eta etxean jokatu, zaleen aurrean, asko kostatu zitzaien txanda irabaztea. Miren Garmendia patroiak hala adierazi zuen, behintzat, kameren aurrean.

Eta hala izan zen. Egia da nabarmen izan zirela aurretik oso ondo ezagutzen duten estropada eremuan. Hondartzan itsasoa nahiko bare bazegoen ere, kanpoaldean olatu gehiago altxatu ziren eta gehiago kostatu zitzaien trainerua maneiatzea. Baina aurkari bat izan zuten, Cabo, zeinek oso ziaboga ona egin zuen Hibaikari pasatzeko eta etxeko ontziari presioa sartzeko. Hala ere, ez zen nahikoa izan eta txandako garaipena etxean geratu zen, Hondarribian.

URDAIBAI, BETI LEHIAKOR

Eusko Label Ligan, Urdaibai garaipenaren bidera itzuli zen, iragan igandeko arantza kenduta -txanda batetik bestera egondako haizearen aldaketak baldintzatu zuen estropada Orion, non Hondarribi garaile izan zen-, eta erakustaldia eman zuen herritarren aurrean oso motibatuta zegoen Hondarribiaren aurretik.

Gorka Aranberriren arraunlariek oso estropada serioa egin zuten, baina baita ondo kalkulatua ere. Eta oso ondo atera zitzaien. Izan ere, hasieratik aritu ziren aurrean, behar izan zutenean ondo eutsi zioten aldeari, eta garaipenaz gain, puntu mordoa atera zioten Zierbenari, arraunlari bat gutxiagorekin aritu zen Donostiarraren atzetik.

“Torrekua II.ak” ez zuen bere egunik onena izan. Bueno, egia esateko, bikain aritu ziren donostiarrak, eta hori Iñigo Arzallus aurrelaria lehenengo ziabogan uretara eroririk. Ezin izan zuen trainerura itzuli eta Arkaitz Diaz patroiak “bolanterik” gabe egin behar izan zituen hurrengo ziabogak. Hala ere, oso ondo mantendu ziren hirugarren postuan eta ez zuten arazorik izan amaiera arte.

Bigarren txanda estua izan zen eta azken unera arte ez zen erabaki. Orio denbora guztian egon zen lidergoan, maniobra guztietan lehena izanda, baina azken luzean ikusi behar izan zuen nola Ondarroak aurrea hartu zion. Azken ziabogan 3 segundoko aldea zegoen bien artean, baina ondarroarrek olatu ona hartu eta aldea murriztu zuten. Parean jarri eta aurretik ere ipini ziren, baina pentsa, azken unean soilik 16 ehunen egon ziren bi traineruen artean, Orioren alde.

Atzerago, Lekittarrak oso estropada diskretua egin zuen, baina behintzat txandako hirugarren postua lortu zuen. Okerrago aritu ziren Getaria, lehen txandan aritu ziren Kaiku eta Caboren atzetik amaitu baitzuen. Bueu eta San Pedro bakarrik izan zituen atzean.

Hain zuzen ere, lehen txanda horretan, epaileak zenbait alditan parte hartu behar izan zuen, ontziak bere kalera joan zitezen agintzeko. Azken metroetan Kaiku Caborekin zuen lehian gailendu zen, eta San Pedrok ez zuen bere mailarik onena eman., Bueu bere aurretik geratu zen atzokoan. Alde on bat du honek guztiak, “Libia”-k aukera ederra baitu gaur bertan, etxeko estropadan, arantza kentzeko.