2024 ABU. 11 EDITORIALA Jokatu gabe ezin da irabazi, eta lehia politikoa da Kirola gustuko duten zenbait abertzalek urte gogorra izan dute. Beste asko, kirola gustatu ez arren, ezkortasun horretaz kutsatu dira. Beste batzuek, ordea, fase berri honetarako estrategia egokitua falta dela defendatzen dute. Edonola ere, sentipenok kirolaren eta naziotasunaren inguruko estrategia berria diseinatzeko aukerei eragiten diete. Naziotasuna, besteak beste, sentimendu bat ere badelako. Urtea “zaila” izan da, lehenik, gizonezkoen espainiar selekzioak Eurokopa irabazi zuelako, Nico Williamsek eta Mikel Oyarzabalek finalean sartutako golei esker. Orain, Parisko Joko Olinpikoetan, euskal atletak espainiar, frantziar edo hirugarren herrialde bateko banderen azpian lehiatu dira, eta kasu batzuetan podiumera igotzea lortu dute. Erdian, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren (FIPV) Batzarrak estatutuen aldaketa ez bozkatzea erabaki zuen eta, ondorioz, Euskal Pilotaren EAEko Federazioa (EEPF) nazioarteko erakundean eskubide osoz sartzeko prozesua geldiarazi zuen. Aukera hori Pedro Sanchezen Gobernuaren eta EAJren arteko akordioaren bitartez sortu zen; hankamotz, ordea. Ez da ahaztu behar Joko Olinpiko hauek Parisen egin direla, eta skatea edo breakdancea olinpikoak izan direla, ez ordea euskal pilota. Federazio horiek ez dira euskal interesen defendatzaileak, inondik inora. ESTRATEGIA BERRI BAT ASMATZEKO FUNTSAK Euskal selekzioei jartzen zaien betoak esan nahi du, beste gauza askoren artean, ez dakigula zenbat kirolarik aukeratuko luketen gure Selekzioarekin lehiatzea. Ez dakigu ere zenbatek uko egin dioten beste banderen pean lehiatzeari. Historiari begiratzen badiogu, gutxi dira ezertan militatu duten kirolariak, horregatik dira hain miresgarriak. Duela gutxi eztabaida hau piztu zen futbolarien artean, iritzi etsigarriekin. Jakina, abertzaleek ez diete herrikide horiei ezer txarrik opa. Ikurrina defendatzea eta beren ordezkariak izatea nahi lukete, besterik ez. Horren barruan, kirolariek beren kirol ibilbidearen zati horri uko egitea asko eskatzea dela uste dute batzuek; beste zenbaitek, berriz, berea ez den nazioa ordezkatzeari uko egin behar lioketela diote. Auzia politikoa denez, argudio zuzenena eskubideen mailan ematen da: zergatik ezin dute kirolariek beren nazioa ordezkatu? Zergatik debekatzen dute estatuek euskal Selekzioa? Zeren beldur dira nazio espainola eta frantsesa? Oro har, bizi dugun aroarekin erabateko sintonian, jendeak dilema horren aurrean haiek zer egingo luketen proiektatzen du. Hala ere, bizitzak erakusten du kalkulu horrek ez duela balio handirik izaten, eta dilemen aurrean ez dela beti egiten aurretik norberak uste zuena. Gauza onak baztertzea eta norberaren grinei uko egitea ez baita giza espeziearen berezko ezaugarria. Sakrifizioa delako goresten dugu, baina maila politikoan eraginkorra den aztertu behar da. Euskal kirolariek golik ez sartzeko, markarik ez egiteko, dominarik ez irabazteko edo ez lehiatzeko otoitz egitea ez da estrategia politiko bat. Bakoitza libre da nahi duen jainkoei otoitz egiteko eta nahi duena eskatzeko, baina zureei zorigaitza desiratzea erlijio xelebrea da. Kirolari horiek mespretxatzea edo gaizki tratatzea ere ez dirudi estrategia zuzena denik; izan ere, litekeena da honela jendea urruntzea. Fiskalizazioa antzua izaten da. Heroi bakartia ere ezin da estrategia baten ardatza izan, txalotu behar den arren. Olinpiadetan bezala, politikan ere nazioak beren herritarren maitasunagatik, beren komunitateen leialtasunagatik eta beren ordezkarien diziplinagatik lehiatzen dira. Kirol zailetan bezala, lehiarik zailena norberaren buruarekin izaten da. Zilegitasun osoz lehiatzen dira herriak, baina inondik inora ez berdintasunez, euskal herritarrok ondo dakigun bezala. Aurrera egiteko, ikuspegi abertzaletik, erreferendum batean botoa eman dezakeen pertsona oro nazioaren subjektu politikoa dela sinistu behar dugu, sentitzen edo pentsatzen duena dena dela. Baita kirolariak ere. «Gure belaunaldia Espainiaren aurkakotasunean hazitakoa zen gehienbat, nola ez, eta oraingoa Euskal Herriaren aldekotasunean hazi beharko da gehienbat, eta ariketa zailagoa da hori», zioen Ramon Solak duela gutxi, Eurokoparen harira. Eraikiko diren estrategientzat oinarri sendoa da hau. Bitartean, garaipenak eta porrotak ospatu edo madarikatu ditzakegu, baina ez inori bota norberaren ezintasunen ardura.