2024 ABU. 12 Ateratzeko Jon Garmendia Idazlea Urteak dira gutunik ez dizudala idatzi, urteak zure eskuidatzirik ez dudala jaso. Luze da itxaronaldia egia erran, etendako haria nola birlotu atzematen iragan zaizkigu egunak oharkabean. Ohartzerako, gaur da. Kartzelako ziegan imajinatzen zaitut lerrook idazterakoan, haize freskoa arnasten nabil ni karrika bazterreko aulkian jesarrita, badago diferentzia. Bero egiten du hemen, harri-burdin artean ez dut pentsatu nahi nola. Baina sagarrondoak hasi dira fruituak agertzen, madariak antzematen ditut adaxken artetik, udazkenari ataria prestatzen hasi direla pentsatu nahi dut. Zenbat gauza ttipi galtzen ari zaren, zenbat bizitza, ez dut besterik buruan uneotan. Hondartzak, aintzirak, errekatxoak jendez gainezka daude, afixak daude bide arroilan ‘‘Hau ez da Espainia eta ez da Frantzia’’ oroitarazteko, bakantzetarako aproposa den herrian bizi gara, hortik atera behar dira kontuak zein ederra den, baina majo ordaindu dugu edertasun horri eustea, hala uste dut, datozenek ez dezatela halakorik ordain, hori uste nahi dut. Ez dut topikoetara jo nahi, halere, azken batean ohitu egiten gara aldarrietara, oihu eta hitzekin berezitasuna arrunt bilakatzeraino. “Maite zaitut’’ eta ‘‘Maite zaitugu’’ ere ez ote zaizkigun makulu-hitzak bihurtu. Maite zaitudalako idazten dizut, ordea, eta pareta zurbil horietan euli bat ikusten duzun aldiko ni naizela pentsa ezazu, asko badira, gu garela, eta ziztaka molestatzen bazaituzte egin irribarre, ederra baita irribarretsu ikustea zu. Muxuka agurtzen zaitut, topikoekin, ez pentsa gaur egun bat gehiago galdu duzunik hor, baizik egun bat gutxiago falta zaizula ateratzeko.