GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Iraultza ala estatu-kolpea?


Klasikoa da nonbait bat-bateko eta erabateko aldaketa politikoa gertatzen denean, alde batek «iraultza» izan dela ebaztea, aurkariak «estatu-kolpea» dela deritzonean. Espazioan nahiz denboran urruti gabeko adibideak baditugu; baina jada historia-liburuetan dauden hainbaten kasutan ere zabalik jarraitzen du ika-mikak. Begiralearen perspektibaren kontua da, gehienbat, baina subjektibotasunetik harago ondorioak dituen kontzeptu-talka izaten da.

Esan gabe doa Bangladeshen arestian gertatu den aldaketa ez dela salbuespena izango. Batzuentzat, «Kuoten Iraultza» da, dagoeneko, Sheikh Hasina andrea, Mujibur Rahman-en alaba, 1975eko abuztuaren 15eko masakrearen ondoren bizirik geratu zen senide bakarra, azken 15 urte hauetako lehen ministroa, erbestera joanarazi duena. Aldiz, Hasinaren jarraitzaileentzat, noski, estatu-kolpea besterik ez da izan ekainaz geroztiko guztia, kale-istilu batzuen aitzakian, Awami Ligaren azken 50 urte hauetako etsaiek -hau da, militar gehienek, BNPko haien konpaiek eta JeL-eko islamistek- sustatu dutena.

Bangladesheko kasuaren berezitasuna da, ordea, «begirale» hurbilena ez dela begirale hutsa. India eta Bangladesh ez dira soilik bi herrialde mugakide, auzokide arruntak; historia, kultura, hizkuntza, erlijio... gehiegi dute erkide horretarako.

Horregatik, asaldura dezenterekin irakurtzen da Kanwal Sibal-ek dioena, Hasinaren eraisketatik astebete igaro ez denean, Russia Today-ren ingelesezko orrian. Estatu-kolpearen ikuspegitik, luze eta zabal: «Krisi larri bat sortzen ari da Indiako atarian, eta Mendebaldeak badu zerikusia».

Kontua da Sibal ez dela nornahi, baizik Indiako diplomazian eskarmentu handieneko beteranoa. Egun, erretiroa hartua, bai, eta beti Kongresu alderditik askoz hurbilagoa BJPtik baino. Beraz, litekeena da Jaishankar egungo ministroa bat ez etortzea Sibalekin.

Baina horrek berak esan nahiko luke Bangladesheko gorabeherak Indiako barne-politikagintzara zeharraldatzen aritu daitezkeela. Ez dakit hobea den.