2024 ABU. 14 THE BEAR 3. DENBORALDIA Hartza sukaldean Gaizka IZAGIRRE HERNANI Nortasun ikaragarria duen eszenaratzea erabiliz, telesailak auzoko sukaldaritzaren aldeko apologia bikaina egiten du, eta pertsonaiek euren barne mundua gastronomiaren bidez nola berregiten duen erakusten digu. “The Bear” telesail bikainaren hirugarren denboraldia iritsi da. Goi sukaldaritzaren alorrean eta munduko jatetxerik onenean lanean ari den chef gazte batek bere karrera eta desirak bazterrean utzi beharko ditu, Michael anaiak bere buruaz beste egin ondoren, Chicagora itzuli beharko duelako, bere familiaren jatetxe txikia aurrera eramateko: The Original Beef of Chicagoland, auzoko sandwich jatetxe xume bat. Jatetxe baten barruan gerta daitezkeen gorabeherak fisikoki eta mentalki kontrolatzeaz gain, anaiaren suizidioak dakarren kudeaketa emozionala ere presente egongo da une oro. Serieak erabiltzen duen estiloak, eta batez ere erritmoak, une batzuetan nekatu egin zaitzake, baina guztiz bat dator kontatu nahi den horrekin. Niri txundigarria iruditu zait. Moldeak hausten dituen lehen atal batekin hasiko da, bigarrenaren amaiera kaotikotik ordu gutxira girotzen dena: ikuspegi kontenplatiboagoa du eta abiadura zoro horretatik guztiz aldentzen da. Narratiboki eta batez ere estetikoki maila gorena izaten jarraitzen du baina, ez du bigarren denboraldiak zuen ahalmen emozionala berdintzen. Pertsonaien arazoak biderkatu egingo dira, baina bilakaera handirik izan gabe. Telesail gutxik jokatzen dute “The Bear”-en liga berean. Aho zabalik uzteko moduko ekoizpena da eta ikaragarri gozatzen dut, baina, nazioartean lortu duen arrakastaren aitzakiaz, telesaila gehiegi luzatuko ote duten beldur naiz. Maila mantentzea lortu duen arren, ez atzera ez aurrera doan sentipena transmititzen du.