2024 ABU. 16 PILOTA Peña eta Arangurenek Masterseko aurreneko puntua lortu dute azkenean Itxura eskasa eman zuten Zabala eta Imazen aurka merezita nagusitu ziren eta, hala, Caixabank Masterseko bosgarren jardunaldian pilatu zuten beren lehenengo garaipena. Zabaleta itzultzen denerako, oraindik bizirik izango dira Peña eta bikotea. Jon Ander Peña, bikote gorriaren garaipenaren protagonista. (Aritz LOIOLA | FOKU) Arnaitz GORRITI Peña eta Arangurenek atzo lortu zuten azkenean Caixabank Masterseko aurreneko puntua, bosgarren jardunaldira arte itxaron behar izan bazuten ere. Azkoitiko Gurea udal pilotalekuan ikusiko zuten atzokoa baino partida hoberik, baina ez irabazleek duintasun osoz jokatu ez zutelako. Urdinak, Zabala eta batik bat bere mailaz oso behetik aritu zen Ander Imaz, ez ziren benetan lehiakorrak izan. Partidaren azken aldera Zabalak urdinen markagailua itxuratu zuen, baina partidari bueltarik emateko itxaropenik gabe. Neurketaren erdialdera pilotari urdinek kantxatik alde ere egingo zuketen, ez baitziren batere gustura aurkitu. Baliteke, halaber, Imazen eskuin eskua ez oso santu egotea, ohi baino askoz kale gehiago egin zuelako eta Aitor Arangurenek menpean erabili zuelako atzeko koadroetan. Ondorioz, Jon Ander Peñak lan bikaina biribildu zuen, gorriak halakoren batean 22ra iristeko. Lehen tantoetan ez zirudien honelako amaierarik izan behar zuenik demak; izan ere, errematerako gogoz eta geroko ezer uzteko intentziorik gabe, Zabalak aurreneko hiru tantoak aitaren batean egin zituen, ia beste inork pilotarik ukitzeke, ezta bere atzelariak ere. Hori bai, gorriek berehala heldu zioten partidaren erritmo azkarrari, nahiz eta berdindu ez, Azkoitira jokatzera iritsi zirela erakutsiz. Gorrien erreakzioa ez zen bakarrik Jon Ander Peñaren errematerako gaitasunaren bidetik etorri. Arangurenek berak ere, atzelari jotzailea ez den arren, eskuinez fresko dagoela erakutsi zuen. Ondorioz, sarritan bizkarra erakutsi zion Ander Imazi, Zabalaren errematerako gogo gartsu horiek itzaliz. Horrenbestez, pixkanaka markagailuan aurrea ere hartu zuten gorriek, 6-5, defentsan Zabalak galduriko pilotakada baten ondoren. URDINAK JOKOZ KANPO 7-5eko atsedenaldiaren ostean, Ander Imazek zabalean dejada eginda amaitu zuen hurrengo tantoa, baina huraxe izan zen Oiartzungo pilotariaren jokaldirik onena partida osoan. Berdin izan zion hurrengo tantoan Zabalak hanka azpitik pilotakada zail eta ikusgarri bat eramatea ere. Jon Ander Peñak errematerako nahi adina aukera aurkitu zituen, eta urdinek, piloteoan agintzera pasatzeko aukera izan zuten apurretan ere, ez zuten zorterik izan. Hala, Imazi beste pilotakada bat ezker paretan goregi joan zitzaion, eta horren ondoren iritsi zen partidako aurreneko atseden luzea: 12-6 Peña eta Arangurenen alde, orotara 9-1eko partziala erdietsita. Eta urdinak erabat jokoz kanpo zeuden, beti erakusten duten sendotasunetik urrun, defentsan batez ere. Orain arte Mastersean gertatu dena ikusi ezean, garaipenik pilatu ez zuen bikotea urdinena dela esango zuketen ikusleek; baina ez, gorriena zen. Dena den, okerrena ez zen urdinen maila eskasa izan, baizik eta aurrelariaren eta atzelariaren arteko erabateko kimika falta, sekula elkarrekin jokatu izan ez balute bezala. ZABALA, FUNANBULISTA Hari fin baten gainean funanbulista lanak egitea otu zitzaion orduan Zabala aurrelari urdinari, eta tanto batzuek egitea ere lortu zuen, markagailua 16-6tik 17-11ra hurbilduz. Baina gorriek sakea berreskuratzeaz bat berriz ere aldea zabaldu zuten, errestatu beharreko bi sake erraz bueltatu gabe laga baitzituen Imazek. Hala ere, oraindik azken ahalegin bat egin zuten urdinek, jakinaren gainean ez zutela mirari handirik egingo. Ez handi ez txiki, urdinek ez zuten inolako miraririk egin, izan ere, gorriek merezitako garaipena lortu baitzuten azkenean. Azken pilotakada, gainera, Aitor Arangurenek urdinen gainetik atzean amaitutako tantoa izan zen, oraindik jokatu ezinik dabilen Jose Javier Zabaletaren omenez edo. Nolanahi dela, Peña eta Arangurenek beren duintasuna nabarmendu zuten eta Caixabank Mastersean -batez ere Zabaleta bueltan denerako- oraindik bizirik dirautela erakutsi zuten. HAMARNAKAHamarna tanto egin dituzte jokoan Peñak eta Arangurenek zein Zabalak eta Imazek, baina azken hauek beste hamar pilota galdu dituzte, eta hiru bakarrik gorriek. ASTEBURUAGaur Gernikan Artola eta Rezusta ariko dira Etxeberria eta Mariezkurrenaren aurka. Larunbatean, Oteizan, Ezkurdia eta Albisu dira Jaka eta Martijarekin. Igandean, Zarautzen, Altuna eta Iztueta, Laso eta Tolosaren kontra.