2024 ABU. 17 Narkomusikal batetik iruzurti mingarri batengana, Zinemaldiko Perlak sailean Donostiako Zinemaldia irailaren 20tik 28ra egingo da. Aurtengo edizioa hurbiltzen ari den heinean, ezagutzeko falta ziren azken edukiak iragarri dituzte. Esate baterako, Perlak sailekoak falta ziren. Ikus-entzuleengan interes handia sortzen duen saila da, beste zinemaldi handietan saritutako filmak areto komertzialetara iritsi aurretik ikusteko aukera ematen duelako. Aurten Cannesek berebiziko presentzia izango du guregan. Eduard Fernandez Enric Marcoren azalean sartu da «Marco» filmean. Zinemaldiko Perlak saila itxiko du. (ZINEMALDIA) A.E. BILBO Cannes zinema jaialdiko ezustekoa suertatu zen Jacques Audiarden (París, 1952) “Emilia Pérez” filma, aldez aurretik hainbat zalantza piztu zituen arren. Zinemagile frantses batek sexu trantsizioa egitea erabakiko duen narkotrafikatzaile mexikar bati buruzko musikala errodatzeko ausardia izango zuen? Eta handik taxuzko zerbait aterako zen? Antza, aparteko filma da, Cannesko Epaimahaiaren Saria eta Zoe Saldaña, Karla Sofia Gascon -jatorriz espainiarra den aktore transa, film honetako aurkikuntzarik handiena-, Selena Gomez eta Adriana Paz antzezleei emakumezko aktore onenaren sari kolektiboa eman zitzaielako. “Emilia Pérez” filmak hasiera emango dio, hain justu, aurtengo Donostiako Zinemaldiko Perlak sailari (lehian ariko da), atzo iragarri zutenez. Estatu frantseseko zinema areto komertzialetan abuztuaren 21ean estreinatuko da. Hego Euskal Herrikoetan, abenduaren 5ean. «MARCO», VENEZIATIK DONOSTIARA Azaroaren 8an du, ordea, estreinaldirako data Jon Garaño eta Aitor Arregi euskaldunen “Marco” filmak. Donostiako Zinemaldian lehenago ikusteko aukera izango dugu, Veneziako Mostrako Orizzonti sailetik igaro ondoren, gurean Perlak saila itxiko baitu Belodromoan. “Handia” eta “La trinchera infinita” filmen egileek Enric Marcorengan jarri dute fokua. Marcok (Eduard Fernandez aktoreak antzeztua), benetan existitu zen pertsona batek, bere biografia faltsutu zuen, Flossenbürgeko kontzentrazio esparrutik bizirik atera zelakoan. Mingarria eta polemikoa izan zen bere garaian. Lehiaz kanpo eskainiko dute, Chris Sandersen “The Wild Robot” animaziozko filma eta “Maria Callas: Letters and Memories”, Tom Volf eta Yannis Dimolitsas egileena bezala. Callas soprano mitikoaren bizitzan barrenako bidaia intimoan Monica Bellucci aktoreak egin du Callasen rola. Aurten ere lehen mailako izenak bilduko ditu Perlak sailak: Andrea Arnold, Jacques Audiard, Sean Baker, Francis Ford Coppola, Emmanuel Courcol, Adam Elliot, Coralie Fargeat, Payal Kapadia, Mohammad Rasoulof, Walter Salles, Hong Sangsoo, Paul Schrader eta Paolo Sorrentino... Urrezko Palma eta Cannesko zinema jaialdiaren azken edizioko palmareseko film ugari, Berlinaleko Zilarrezko Hartza Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Annecyko Cristal saria lehiatuko baitira, besteak beste, Donostia Hiria Publikoaren Saria beretzeko. CANNES JAIALDIKO UZTA Cannesek berebiziko presentzia izango du aukeraketan. Izen batzuk aipatzearren, Sean Bakerren (Summit, 1971) “Anora” filmak azken Urrezko Palmaren irabazi zuen -oligarka errusiar batekin ezkondu den Brooklyngo sexu langile gazte baten gorabeherak planteatzen dizkigu filmak-; Francis Ford Coppola mitikoaren “Megalopolis” ere ikusi ahal izango dugu -ez zuen kritika onik jaso Cannesen-. Edo Payal Kapadia zuzendari indiarren “All We Imagine as Light”, Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen filma eskainiko dute gurean. Venezian lehiatuko den Walter Salles brasildar konprometituaren “Ainda Estou Aqui / I'm Still Here”, Brasilgo diktaduran desagertutako politikari laborista baten emaztearen borrokari jarraitzen dio. Eta Hong Sangsooren korearraren “Yeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs” filmak Zilarrezko Hartza Publikoaren Sari Nagusia irabazi zuen azken Berlinalen. Isabelle Huppert handia da protagonista. LEHEN MAILAKOAKUrrezko Palma eta Cannesko zinema jaialdiaren azken edizioko palmareseko film ugari, Berlinaleko Zilarrezko Hartza Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Annecyko Cristal saria lehiatuko dira. Baita ere Coppola, Walter Salles edo Paolo Sorrentinoren film berriak.