GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Altuna eta Iztueta garaile, izerdiari esker

Altuna, eginahal betean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ia ordu eta erdi eta ia 900 pilotakada jota eraman zuten Altuna III.ak eta Iztuetak Caixabank Masterseko laugarren puntua. Partida ona baino, partida oso gogorra ikusita konformatu behar izan zuten Aritzbatalde pilotalekura hurbildu ziren zaleek. Unai Lasok eta Xabi Tolosak jokoaren eta markagailuaren ekimena eraman zuten 9-12an atseden hartzera joan ziren arte. Beren zoritxarrerako, 10-0eko partziala jaso zuten atsedenaldi horren ostean, eta tarte luze horretan egin zituzten hutsegiteen erruz joan zitzaien partida.

Alabaina, bikote urdinak ez zuen etsi eta azken izerdi tantaraino zukutu zituzten Altuna eta Iztueta. Bereziki atzelari gazteari sekulako lan pila bota zioten bizkar gainera, baina honek lepoan hartu eta aurrera segitzea lortu zuen, Altunaren laguntzari eta tarteka Amezketakoaren erremate eder batzuei esker.

Azken tanto horietan Xabi Tolosa bere fisikoaren mugaraino iritsi zen, gainera, eta giharretatik oso justu amaitu zuen. Zentzu horretan, xehetasun horrek ere bere garrantzia izan zuen azken emaitzan. Nolanahi, irabazle zein galtzaile, laurek ere sekulako lana egin zuten, berebiziko partida izan ez bazen ere.

PILOTA DESEGOKIAK

«Berotzen ari ginela pilotak zerbait bazirela zirudien, baina berehala gastatu dira. Hasi eta berehala lau pilota erabilita geneuzkan ordurako, eta azkenerako beste biak laga ditugu, bestela pilotarik gabe geratuko ginatekeen partida amaitu aurretik», azaldu zuen Jokin Altunak, eskuetatik «kolpatuta, baina ondo», hurrengo egunetan jokatu behar dituen partidak gogoan.

Partidak meriturik izan zuen, oso gogorra izan zelako, baina zela pilotak berehala geratu zirelako, zela Aritzbatalde pilotalekua ohi baino estuagoa delako, aurreko koadroetan ez zuten beren egunik onena izan ez Lasok ezta Jokin Altunak ere.

Aurreneko atsedenaldiaren ostean partidaren eta markagailuaren ekimena bere egin zuten Altunak eta Iztuetak. Hala, 19-12raino aurrea hartzea lortu zuten eta partidari eutsi zioten, lanaren eta izerdiaren bidetik izan bazen ere.