2024 ABU. 20 ARRAUN LAGUNAK-EK, HAMABOSTETIK HAMABOST Lugañene baserriko giro familiarrak eskifaia historikoa eratu du Emakumezkoen liga nagusia eratu zenetik, inoiz inork ez ditu bandera guztiak irabazi. Traineru baten edo bestearen nagusitasuna ohikoagoa izan da, baina ez aurten Arraun Lagunak-ek erakutsi duenaren parekoa. Gainera, inoizko Euskotren ligarik luzeena izan da, 16 jardunaldi eta 15 banderakoa. Trapu guztiak astindu dituzte, denboraldiak aurrera egin ahala euren buruari jarri zioten erronka beteta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Ane URKIRI ANSOLA Disfrutatu, bandera gurea da, disfrutatu arraunean...». Juan Mari Etxaberen hitzak dira, Zarauzko Ikurrinaren lehian, bigarren jardunaldian, hamaseigarren garaipena eskuratzea nekeza izango zela ohartu zenean. Azken garaipenak ihes egin bazien ere, hamabosgarren bandera bereganatu zuten. Udan jokatu diren trapu guztiak Lugañene baserrian daude, inoiz inork lortu gabekoa erdietsita. Txapelketa erregularreko azken metroetan presioa kendu nahi izan zien Etxabek bere arraunlariei, anbizio handiko erronka askatu eta oinarrizko helburua gogorarazteko: lortutako balentria barneratzen joatea, presioaren itsutasunetik ernatu eta garaipena dastatzea. Hasieran, 2023koa berdintzea zuten begiz jota: liga eta Kontxako garaipenak errepikatzea. Denboraldi bakar batean, txapelketa erregularra eta Txapeldunen Liga irabaztearen parekoa -kirolen arteko desberdintasunak desberdintasun-. Traineru osoena zen, argi zegoen, Oriok aldaketa serioak pairatu behar izan baititu, trantsizio moduko bat eginez. “Lugañene” ontziko eskifaiak jarraipena izan du; baserrian jada eginda zegoen giro familiarrak osatu du eskifaia historikoa. Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketetan bota zuen lehen ohartarazpena. ANBIZIOA Batzuei beldurra eragin zien nagusitasun horrek eta besteei, Arraun Lagunak-eko arraunlariei berei, konfiantza itzela eman zien, hainbestekoa, non asteburuak aurrera egin ahala, dena irabazteko erronka hori onartzen hasi zirela. Zierbenan, Andrea Astudillo patroiaren jaioterrian, laugarren bandera astindu ostean, «helburua izan daiteke banderen plenoa egitea», esan zuen Mar Larrea ondarroarrak. Oraindik beste 12 jardunaldi geratzen ziren lehian, baina jaun eta jabe zen “Lugañene” uraren gainean, bai itsasoan, bai errekan, bai olatu zakarrean, bai erlojupekoan. Asteburuz asteburu arraunzale oro txundiarazten joan dira. Ez da izan uda zirraragarriena; asperdura ere eragin lezake beti berdinak irabaztea, baina estatistikak hartu eta hotzean begiratuta, edozein txunditzeko moduko marka lortu dute: hamabost garaipen erreskadan, hamabost bandera etxera. Hamabost. Bi hilabeteko nagusitasun garaiezina. Aurkariak nahi eta ezin horretan ibili dira, sufriarazi diotenean ere azken metroetan arraunkada zitalak eman dituzte donostiarrek, Juan Mari Etxaberen gidaritzapean -sei liga irabazi ditu teknikari lanean- eta Andrea Astudillo patroi izanik. Dena irabaztearen presioa motibazio bilakatu dute eta eskifaia historikoa eratu dute, Kontxa berriro konkistatzeko gosez dagoena. Ez da berria -batez ere emakumezkoen ligan- traineru batek besteekiko nagusitasun hain agerikoa erakustea. Ohitu ginen Zumaiaren urrezko arora, San Juanek hartu zion erreleboa, bost urtez jarraian liga eta Kontxa irabazita -indarrean dagoen marka handia- eta bateleren gainbeherarekin, Oriok bere gain hartu zuen testigua. Menderatu zuen 2019 eta 2020an, baina ordutik, donostiarrek eta mirotzek lehia ezin zirraragarriagoak eskaini zizkiguten, Zarauzko ikurrineraino liga erabaki gabe utzita. BORROKAN IAIOA Hiru urte eskas pasatu dira Arraun Lagunak-ek bere lehen liga irabazi zuenetik -aurten bere hirugarrengoa irabazi du-, baina urte gutxi hauetan hautu historikoak hartu dira: zortzi traineruk osatzen dute liga eta aurten, aurrenekoz, hamasei jardunaldi jokatu dituzte. Ez da gizonezkoen parera iristen (lau gehiago jokatzen dituzte), baina, arraunkadaz arraunkada, emaitza, errekor eta ikuskizunaren bitartez, beraiek ere protagonistak izan daitezkeela sobera erakutsi dute. Aurtengoa Arraun Lagunaken uda izan da, oraindik ere Traineru Kluben Elkartean ahotsik ez daukana, gizonezkoen trainerua ez edukitzeagatik -Tolosaldea eta Hibaika ere egoera berean daude-. Bidea urratu bada ere, badagoelako oraindik zeren alde borrokatu eta “Lugañene” iaioa da itzaleko borroka horretan, zenbaitek entzungor egingo duten arren. Dena irabaztearen presioa motibazio bilakatu dute eta eskifaia historikoa eratu dute, Kontxa berriro konkistatzeko gosez dagoena.