GARA Euskal Herriko egunkaria
MAXXXINE

Trilogia odoltsuaren itxiera


A24 ekoiztetxe ezagunaren zigilupean, Ti West zuzendariaren lan berri hau ‘‘X’’ (2022) eta ‘‘Pearl’’ (2022) filmek osatzen duten trilogiaren amaiera da.

“X” filmean pornoaren unibertsoa slasher azpigeneroaren iruditerian txertatu zuen. Honakoa azaltzen zuen: 1979an zinemagile gazte talde batek pelikula pornografiko bat filmatzeari ekingo dio Texasko landa-eremuan. Tokiko anfitrioi bakarti eta zaharren mespretxu eta oldarra topatuko dituzte bertan. Beldurra eta umorea uztartuz, 70-80ko hamarkadako slasher filmei eginiko omenaldi harrigarria osatu zuen.

Trilogiako bigarren filma ‘‘Pearl’’ izan zen. Lehen filmaren aurrekaria da eta Pearl (Mia Goth) pertsonaiaren jatorria ezagutzeko aukera ematen digu. Aurrekoaren eszenatoki berean filmatuta dago, baina nortasun eta izaera propioa duen pelikula osatu zuen Westek; proposamen guztiz desberdina da.

“Pearl” kutsu psikologikoa duen familia-drama batetik gertuago dago slasher odoltsu batetik baino eta, gainera, lehenengoa baino sakonagoa da; protagonistaren psikearen eta jatorriaren azterketa askoz ere zehatzagoa eskaintzen ditu. Mia Goth-en antzezpen lana itzela da.

Bada, gaur bertan, “MaXXXine” estreinatuko da; film sorta honi itxiera emango dion lana da hau. 1980ko hamarkadako Los Angelesen girotua dago eta aktore izateko ametsa bete nahi duen Maxine da protagonista, ‘‘X” filmeko gertakari odoltsuetatik bizirik atera zen emakumea. 80ko hamarkadan girotuta dagoenez, garai hartako zinemaren eta kulturaren estetikak eragin handia du filmean. Industriaren gainbehera eta VHSaren garaia ere aztertuko ditu; ildo horretan, ‘‘Boogie Nights’’ (1997) bezalako filmen eragina sumatu daiteke.

Mia Goth-ekin batera, Elizabeth Debicki, Halsey, Bobby Cannavale eta Giancarlo Esposito aktore ezagunak ere izango dira, besteak beste.