2024 ABU. 25 ARRAUNA Getariarentzat bandera, ezustekoak ematen trebea den Ondarroako uretan Bigarren txandako getariarrek denbora onena egin zuten. Urdaibaik bere txanda irabazita, sailkapen nagusian apenas izan da aldaketarik. Getariako eskifaia, Ondarroako banderarekin lehorrera hurbiltzen. (Jon URBE | FOKU) Ane URKIRI ANSOLA Ondarroako estropada trebea da ezustekoak ematen -iaz Oriok irabazi zuen, eta Ondarroak 2022an- eta aurtengoa ez da gutxiagorako izan. Mendebaldeko haize bihurriarekin hankaz gora jarri zuen estropadaren gidoia eta Getariak ederki probestu zuen protagonismoa irabazteko. Denboraldiko lehen trapua bereganatu zuten getariarrek eta gaur, etxeko estropadan, ohorezko txandan arituko dira. Uda gogor honetan, atzetik aurrera eginda, sari potolo bat eskuratu zuten. «Honek horrela jarraitzen badu, gustura egoteko moduan gaude; ez legoke gaizki», esan zuen Unax Eizagirre patroiak, bigarren txanda irabazi eta mendebaldeko haizeak zakartzera jo ostean. Gorka Aranberri oso haserre jarri zen, ohorezko txanda hastear zela, kanpoko baliza ikusten ez zela eta erantzunen bila. Ziurgabetasuna handia zen, eta egoera horretan zoriontsuenak, getariarrak. Beraien lana ongi egin zutelako, «Ondarroaren eta Orioren aurretik eginda, estropada polita» egin zutelako -Getariako teknikari Jon Larrañagak zehaztu legez- eta geroko ezegonkortasunak saritu egin zuelako haien ahalegina. Bigarren txandakoak izan ziren sailkapenean aurrenekoak -baliagarria izan zen Kontxako sailkapen estropadara begira, sentsazioak neurtzeko-, eta galtzaile handiena Hondarribia izan zen, hamargarren egin eta lehen txandan arituko baita Getarian. Urdaibaik bandera irabazi ez bazuen ere, egoki salbatu zuen sailkapen nagusia, ohorezko txanda irabazi eta Zierbenak ezin izan baitzion punturik murriztu. Gisa horretan, gaur bertan matematikoki ligako txapelduna izan daiteke, 25 puntuko aldea baitauka galipoekiko.