GARA Euskal Herriko egunkaria
FLAMENCO ON FIRE
Elkarrizketa
Raimundo Amador
Musikaria

«Gitarraren parte naiz, eta berau ere nire baitan dago jaio nintzenetik»

Ia mende erdiko ibilbidea osatuta, Raimundo Amador flamenkoaren historia bizia da gaur egun. Abuztuaren 30ean Iruñean arituko da zuzenean Flamenco On Fire jaialdian, “La Kaita” eta “Caracafe”-rekin batera.

FLAMENCO ON FIRE (FLAMENCO ON FIRE)

 

Cante jondo-a beste genero batzuekin fusionatzearen erantzule nagusia bada ere, Kiko Veneno eta Pata Negrarekin izandako bizipenen ondoren, Raimundo Amadorrek bakarkako ibilbide interesgarria jorratzea lortu du, bluesaren aldeko apustua eginez gehienbat. Orain, bere mundu ikuskera musikala zuzenean gozatzeko aukera izango da, datorren abuztuaren 30ean Iruñeko Zentral aretoan arituko baita “La Kaita” eta “Caracafe”-rekin batera, Flamenco On Fire jaialdiaren barruan.

Aurten bai, aurten Flamenco On Fire jaialdian izango zara. Zer sentipen duzu, flamenkoaren munduko izen handiak gonbidatu dituen jaialdi honetan parte hartzera zoazenean?

Egia esan, bertan egoteko gogoa neukan. Duela urte batzuk jaialdian jotzeko zorian egon nintzen, baina azkenean ez genuen lortu, ez baikinen adostasun batera iritsi. Baina aurten bertan izango naiz eta oso pozik nago, esaten duzun bezala, flamenkoaren alorreko jende oso ona igaro delako bertatik, baita bestelako fusio estiloetakoak ere.

Euskal Herrira itzuliko zara. Hemen asko estimatzen da zure lana.

Bai, uste dut iparraldean maitatua naizela, hegoaldean iparraldeko jendea edukitzeko eta ikusteko gogoa izaten dugun bezalaxe. Baina esan beharra daukat inon ezin naizela kexatu jendeak ematen didan maitasunarekin, izan ere, uste dut nik ere jakin dudala publikoarekin zintzoa izaten eta ez diot sekula inori nirekin argazki bat egitea ukatu.

Iaz Flamenco On Fire-n izan zen La Plazuela, eta aurten Derby Motoreta’s Burrito Kachimba edo Califato ¾ bezalako artistak egongo dira. Uste duzu zu zarela flamenkoa eta beste musika estiloak nahasten dituzten taldeon erantzulea?

Nahasketa hauek lehen jendeak errefusatu egiten zituen, eta orain mundu guztiak bat egiten du. Gauza batzuk ondo daude, beste batzuk ez hainbeste. Argi dagoena da gu bezalako jendeak, Veneno edo Pata Negra, edo Lole eta Manuel eta beste talde batzuk bagarela orain gertatzen ari denaren erantzuleak. Baina ez bota guri errua fusio talde oso txar bat ateratzen bada, e! Ze orain errua beraiena da, aurpegia badute eta... Flamenkoan gertatzen da beste musika batzuetan bezala, gaur egungo “gafapasta” horiekin bezala &esc;&esc;[barreak].

Beste estiloekin fusioak eginda ere, Flamenco On Fire bezalako jaialdi batean egoteko beharrezkoa dena espiritu flamenkoa izango da, ezta?

Bai, noski! Uste dut halako zerbait ikusten dugunean, flamenkoaren iturritik ondo edanda gaudenean egin behar dela, musika bizitzeko era bat delako. Jende askok gauza ugari kritikatzen ditu, inoiz bizi izan ez dituelako... Agian gainetik entzun izan dute, baina ez dira sekula horren parte izan. Musika honek ez ditu inoiz ez mozkortu ezta drogatu ere.

Gero zeurea bezalako kasuak daude, edo, esaterako, Rosario «La Tremendita»-rena, giro flamenko erabatekoan jaio eta hazi baitzarete. Zein purista ausartuko da zuengana hurbildu eta esatera egiten duzunea gaizki dagoela?

Ni ez naiz bakarrik flamenkoa, ijitoa ere banaiz, eta egiten dudan guztiak ijitoen eragina izango du. Beraz, bluesa egiten dudanean, esaterako, ez dut afroamerikar batek egiten duen bezala egingo.

Baina, adibide bat jartzearren, B.B. King-ek zure musika egingo balu, ez litzateke entzungo flamenko batek egina izango balitz bezala, nahiz eta oso ona izan.

Kontuz, zeren B.B. Kingek gauza asko ikasi zuen nirekin egon ondoren. Oso gustuko zuen flamenkoarekin lotutako gauzak egitea. Musika arabiarretik atera nuen eskala bat, adibidez, oso gogoko dudana eta flamenkoan eragin handia izan zuena. Esan nahi dudana da mota askotako musika dudala gustuko eta, gainera, gutxien gustatzen zaizkidanak orain egiten diren gauza asko direla... Baina ez dizut izenik emango, e! [barreak].

Esadazu gutxienez zer den orain egiten den horretatik gustatzen zaizuna.

Lehen aipatu duzun “La Tremendita” gustatzen zait, edo Los Delinquentes; urte asko daramatzate gauza oso interesgarriak egiten. Erykah Badu bezalako artistak ere entzuten ditut, eta flamenkoaren munduan dagoen jende berria ere bai. Baina azkenean, Manuel Torres, Tomas Pavon, La Niña de los Peines bezalako musikariengana jotzen dut, eta ez diot ere Miles Davis edo Led Zeppelin entzuteari uzten... Betikoak. Badira interesa pizten didaten artista berriak ere, baina ez pentsa hainbeste daudenik.

Iruñean «La Kaita» izango duzu ondoan. Pata Negran aritu zineten elkarrekin. Orduko abestiak berreskuratzeko aukera izango da?

Hori dagoeneko egiten dut normalean, abesti batzuk derrigorrezkoak baitira nire kontzertuetan. Baina “La Kaita”-rekin baneukan zerbait egiteko gogoa, elkartzen garen bakoitzean oso ondo pasatzen baitugu. Entsegurik ia egin gabe elkar ulertzen dugu.

Flamenco On Fire-n egongo den beste artista bat «Caracafe» izango da, hamaika batailatako beste bidaide bat.

Bai, bai, gauza ugari egin dugu elkarrekin. Pata Negra utzi nuenean, berak hartu zuen nire lekua. Oso ondo moldatzen naiz berarekin. Gainera, Sevillako auzo berekoak gara biok.

Datorren urtean 50 urteko ibilbidea osatuko duzu musikaren alorrean. Nola ospatuko duzu?

50 urte, bai. Eta hori soilik kontatzen ari garela profesional gisa Montoya familiarekin hasi nintzenetik. Baina 73an edo, dagoeneko grabatuta nituen hainbat gauza Juan Jose lehengusuarekin eta Jose Manzanorekin... Baina, bai, zerbait berezia egitea gustatuko litzaidake. Agian zuzeneko disko bat, “Noche de Flamenco y Blues” bezala. 50 urte dira eta ospatu egin behar da, bizitza oso bat delako. Ni gitarraren parte naiz, eta berau ere nire baitan dago jaio nintzenetik.