GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

55 ordu Beijingen


Ordu gutxi barru helduko da Beijingera Jack Sullivan, oraindik Estatu Batuetako presidentea den Bidenen Segurtasun Nazionaleko aholkularia. Beraz, Etxe Zuriko bigarrena gaur egun, izatez. 55 ordu inguru emango ditu Txinako hiriburuan, lehenik, hein batean bere paretsuko arduraduna, eta aspaldiko solaskidea, duen Wang Yi-rekin. Eta agidanez, “beste goi arduradun batzuekin ere” elkarrizketatu daiteke Sullivan, iturri txinatarrek aurreratzen dutenez. Poltiburoko kidea den Wang baino gorago, asko jota, bi maila geratzen dira. Ikusiko dugu..

Ikusmina, egon, badagoelako. Dezentekoa. Iraganean ere bildu dira hainbat aldiz biak aurrez aurre Sullivan eta Wang; baina “zelai neutralean” betiere, duela hiru urte Alaskan antzeztu zen talka gogoangarri bezain ezkorraren ondoren. Oraingoan, Beijing da, ordea, eszenatokia, amaitzear dago Bidenen agintaldia… Zergatik ez ote dute azarora arte itxaroten?

Munduko bi potentzia nagusien arteko harremanen atal kritikoenean diharduten arduradunen arteko solasak berezkoa duen garrantziaz gaindi, ñabardura bereziak baititu, gainera, oraingo honek. Bat, batere ohikoa ez dena: bertako iturriek ezarian bezala jakinarazi dutenez, Wangek eskatuta egingo da bisitaldia. Bigarrena, bistakoa: gonbidapena onartu egin du Sullivanek; ez da huskeria, Blinkenen kanpo harremanetako baratzean sartzea ere baden heinean. Hizpide izan daitezkeen gaietan dago, seguruenera, koska.

Segurutzat jo litekeenez solasgaiak ez dizkigutela garbi jakinaraziko, asmalanean aritzea besterik ez zaigu geratzen begiluzeoi.

Hizketa gai posible bat: Txina Hegoaldeko Itsasoa. Gero eta argiago dago Beijingi pazientzia bukatzen ari zaiola filipinar itsas-ekimenen aurrean. Eta Estatu Batuen juzgu egiten duela. Bada, ordea, jauzi kualitatiboa izan daitekeen zerbait: Thitu/Pagasa/Zhongye irlaren ingurukoa. Itsasalde hartako korapilatsuenetakoa.

Beste bat: AEBetako hauteskundeak. Txinaren esku sartzea zernahitarako komodina da Mendebaldean.

Gehiago: Ukrainako gerra. Edo Ekialde Ertainekoa...