2024 ABU. 28 «ESPERANTZA» EZ DA BISTATIK GALDU BEHAR Bigarren txanda irabazita, Getariak TKE ligako lehen bandera astindu zuen Ondarroan. Bandera «dena» dela adierazi du Unax Eizagirre (Getaria, 1998) lemazainak, are gehiago bere kuadrillako zazpi lagun dituenean traineru barruan. Kontxako Banderarako sailkapena lortuz gero, «urte perfektua» izango dela esan du. Unax Eizagirre Getariako patroia, arraun luzea eskuan duela, arraunlariekin batera Ondarroan lortutako bandera ospatzen. (Jon URBE | FOKU) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Esperantza ez da bistatik galdu behar, ez eta “Esperantza” trainerua ere. Balentria handia egin zuen Getariak joan den larunbatean, bigarren txandatik Ondarroako bandera irabazita. Esperantzari eutsita, lanean segi eta segi, saria iritsi zaio Getariari. Amaierara arte esperoan egon ziren, ordea, ohorezko txandako ontziak noiz amaituko, baita noiz hasiko ere. «Estropada bukatu genuenean, orduan hasi zen haizea goraka. Ikusten genuen horrela ezingo zutela gure denbora hobetu. Ahalik azkarren ateratzea nahi genuen, baina ikusi zen txakur zaharrak direla, eta bazekiten horrela ezinezkoa zela guri irabaztea. Denbora galtzen hasi ziren. Epaileek ez zuten ezer egin, utzi egin zieten, eta hamar bat minutu berandu hasi ziren. Beldur pixka bat bagenuen, pasatuko ote zen haize bolada hori, eta irabazi ez», esan du Unax Eizagirre patroiak. Amaiera, ordea, ametsetakoa izan zen. Patroiaren hitzetan, Getariak «nahikoa» bandera baditu, «baita Kontxa batzuk ere», baina TKE ligan «ez du behin ere irabazi»: «Bandera dena da. Herri guztia gure alde zegoen, beti animoak ematen. Getariak merezi zuen bandera bat izatea». Ondarroako estropada jokatu zuten arraunlarietatik bakarrak du bandera bat irabazita urrezko mailan, Gaizka Gorostiagak hain zuzen ere. Gainerakoentzat aurrenekoa zen. Horren harira, lemazainak adierazi du haientzat «ia ezinezkoa» dela liga irabaztea, «horretarako fitxaketak egin behar» direlako, eta haien «aukera bakarra» horixe zela: «Txanda irabazita, eta haize pixka batekin, ea aukera genuen bandera irabazteko. Ondo atera zen». Estropadan atzetik aurrera egin zuten. Lehen minutuetan Ondarroak aurrea hartu zion Getariari, baina estropadaren erdian, bigarren ziabogan, lehia barruan ziren. Eizagirrek azaldu du trainerua «gero eta hobeto» zegoela, eta normalean, popareko luzeak izaten direla «haienak», eta hori beste behin erakutsi zutela, azken luzean Oriori aurrea hartuta: «Ziabogatik irten eta segituan, tartea atera genuen. Baina Orio aurrerago lehian sartu zen, eta hortxe egon zen txanda, olatu baten gorabeheran. Azken olatua guk hartu genuen eta irabazi egin genuen». Ondarroan irabazi, eta datorren egunean non eta etxean estropada. «Larunbatean herrira ailegatu ginenean, denak zain zeuden. Eta gero igandean igarri zen batzuen ahotsetan», esan du barrez Eizagirrek. Igandeko estropada amaitu ondoren, moilatik bandera astinduz igo ziren plazara, herri guztiarekin batera. «Etxeko pila bat ditugu. Nik, adibidez, kuadrillako zazpi lagun ditut traineru barruan. Niretzat hau dena da. Arraun munduan ibiltzen naizenean kuadrillakoekin ibiltzen naiz, kanpora noanean ere bai, 24 ordu beraiekin nago. Hau sekulakoa da». UZTAILEAN, TRAINERUA MANTSOAGO Garaipenarekin Ion Larrañaga Getariako entrenatzailea pozez zoratzen zegoen arren, autokritika egin zuen, esanez haren errua zela trainerua azkarrago ez ibili izana. Horren inguruan patroiari galdetuta, Eizagirrek taldearen gain hartu du ardura. «Denboraldia hasi baino lehen azkar zihoan txalupa, eta uztailean sartu ginenean ikusten genuen txalupa ez zihoala. Gero eta mantsoago zihoan, ez genuen asmatzen estropada biribilak egiten. Bi luze on egiten genituen, gero hiru, baina behin ere ez estropada biribil bat. Ikusten genuen puntu pila bat galtzen ari ginela horregatik. Baina, tira, seigarren postuan gaude, eta ez dago esaterik denboraldia txarra denik». Eizagirreri «sekulako» emaitza iruditzen zaio seigarren postua. TKEra igo ziren lehen urtean bosgarren egin zuten, «gehien bat Zierbenak huts egin zuelako», patroiaren ustez. Iaz, aldiz, zazpigarren egin zuten, Cabok aurreratuta. Eta aurten «normalen artean» aurreneko postuan dira. «Lehenengo bost horiek pasatzea ia ezinezkoa da. Gu besteen artean aurrenak joango ginateke. Sekulako emaitza iruditzen zait, eta horrela jarraitzea tokatzen zaigu». Patroi onenaren sarian Eizagirrek bigarren egin du, Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiaren atzetik. Bigarren postua «ez dela txarra» adierazi du, baina «nahiago» zuela aurrena egin. Kontxan sartu bai edo ez Gaur jokatuko dute Kontxako Banderako sailkapen estropada. Eizagirrek esan du sasoi puntu «onean» daudela, baina «ikusi egin behar» dela: «Estropada bakarra da, eta edonork du aukera estropada on bat egiteko, eta zuri irabazteko. Gu hortxe egongo gara, sartu bai edo ez». Hala ere, patroiak adierazi du, behar bezala jardunez gero, barruan egongo direla. Ohorezko txandako ontziak barruan ikusten ditu, bai eta Orio ere. Horiek «oso seguru» jotzen ditu. Eta gero, geratzen diren beste hiru postuetan, bost edo sei traineru sartu ditu lehian: «Isuntza, Ondarroa, Kaiku Cabo... Bestalde, San Juanek estropada on bat eginda, sartzeko aukerak eduki ditzake. Baina apustu egin beharko banu, gorengo mailako traineru baten alde egingo nuke». Getariak sailkapena lortuz gero, Eizagirrerentzat «urte perfektua» izango da. Horixe bakarrik falta zaiela adierazi du: «bandera bat ligan, seigarren postua eta Kontxarako sailkapena».