2024 ABU. 30 Nostalgiaren sareetan Gaizka Izagirre Zinema kritikaria Originaltasun falta larriagatik-edo, film industriak urteak daramatza remake edo jarraipenekin gora eta behera. “Alien” berriki estreinatu da, gaur bertan “The Crow” eta datorren astean “Bitelchús”. Urtea amaitu aurretik ere hortxe zain ditugu “Gladiator” eta “Nosferatu“. Itzulera hauetan guztietan ez dut uste sormen arrazoirik dagoenik. Modu batean edo bestean, trama horiek itxi egin zituzten edo, behintzat, ez zegoen inolako arrazoi zinematografiko-artistikorik horien itzulera justifikatzeko. Kontuan izanik eduki aldetik ez direla produktu berriak, azken urteotan loratu den efektu bat aprobetxatu nahian ari direla uste dut: nostalgia. 80ko hamarkadan jaio eta hazi ginenok batez ere ohartuko gara hamarkada horretako zenbat film eta telesail bihurtu diren kultuzkoak. Ikaragarrizko lotura eta konexioa sortzen da txikitan bizi izan genituen istorioekin. Ekoiztetxe handietako arduradun asko zirrara hori guztia aprobetxatu nahian ari dira, izenburu jakin horrek atzean sortzen dituen zeharkako diru etekinak gako bihurtu daitezkeelako. Ez al zaizue iruditzen, sarritan, era tranpatian erabilitako zerbait izaten dela? Entretenigarria baina hutsala. Maite dut txikitako une ahaztezin horietara itzultzen laguntzen didan edozerekin gozatzea, baina ez gaitezen itsutu. Fran Lebowitzek dioen moduan: «Nostalgia kulturaren barruan pozoia besterik ez da».