GARA Euskal Herriko egunkaria
LOVE LIES BLEEDING

Onerako zein txarrerako, ezingo duzu burutik kendu


Arrastoa uzten duen film horietakoa da. Ausarta, basatia eta gordina, aho zabalik utziko zaitu; onerako zein txarrerako ezingo duzu burutik kendu.

Jackie-ren asmoa argia da: kulturista arrakastatsua izan nahi du. Las Vegasera joatea du helburu, lehiaketa batean parte hartzeko. Bidean, Mexiko Berriko herrixka batetik igaroko da, eta han Lou ezagutuko du, herriko gimnasioko kudeatzailea. Jackie eta Lou maitemindu egingo dira, baina haien arteko harremanak iluntasuna ekarriko du. Indarkeriak, amets amerikarrak eta anabolizatzaileek elikatzen duten maitasun istorio oso sutsu bat piztuko da.

Protagonisten arteko kimika, zeinean haien harremana tramaren muina den, ukigarria eta oso sinesgarria da; istorioak aurrera egiteko behar duen motor emozionala iruditu zait. Kristen Stewart kultuzko aktore izateko bidean da, pantailan duen presentzia magnetikoa da, eta belaunaldi baten ikono bihurtzen ari da. Katy O’Brian-ek egiten duen lana ere itzela iruditu zait.

Argazkilaritza lana, eta estetika oro har, filmaren beste indarguneak dira; argia, iluntasuna, koloreen arteko kontrasteak eta antzeztokiak, trebetasunez erabiltzen ditu Rose Glass filmaren zuzendariak, pertsonaien inguruan dagoen arrisku eta isolamendu sentsazioa areagotzeko.

Zer esanik ez, Clint Mansell-en musika. Funtsezko eszenak primeran indartzen ditu, erromantze eta suspense uneak nabarmenduz

Duen ausardiagatik eta originaltasunagatik asko harritu nauen filma da. Thriller erromantikoen generoaren barruan nabarmentzen da, erakusten duen ezohiko ikuspegiagatik eta ikuslea etengabeko tentsioan mantentzeko duen gaitasunagatik.