2024 ABU. 31 ZINEMALDIAN BERTAKO HOGEI EKOIZPEN AURKEZTUKO DIRA Indartsu dator euskal zinema: Williams anaiak, Chaplin eta Ansola Euskal film batek (Garaño eta Arregiren «Marco», hemen Perlak atalean ikusiko duguna) Veneziako jaialdian nazioarteko «langa»-ra salto egin zuen egunean, atzo, Donostian gure zinemagintzak irudi indartsua eman zuen. Aurki hasiko den Zinemaldiaren edizio berrian gure zinemak presentzia handia izango du, ia atal guztietan. Benito Ansola (txapelarekin) eta Rebordinos, «Zortzitik infinitura» filmeko taldearekin. (Andoni CANELLADA | FOKU) Amaia EREÑAGA DONOSTIA Irudia adierazgarria iruditu zitzaigun: irailaren 20tik 28ra burutuko den Zinemaldiaren edizio berriaren barnean, Zinemira atalean ikusiko diren lanen aurkezpenean, Donostiako Tabakalerako auditoriuma lepo bete zen. Ekoizleak, zuzendariak, gidoigileak, aktoreak... Duela urte batzuk, eman dezagun hamar urte, euskal zinemak ez zuen horrelako presentziarik eta indarrik Zinemaldian; hedapen bat, sendotze bat egon da. Guztira 20 lan −15 film luze, hiru telesail eta bi film labur− izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza osatuko dutenak, eta ia sail guztietan egongo dira programatuta: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala. Han aurkeztuko dituzte beraien lanak, esaterako, Alauda Ruiz de Azuak, Jon Garañok eta Aitor Arregik, Izibene Oñederrak, Galder Gaztelu-Urrutiak, Iratxe Fresnedak edo Andrea Jaurrietak. Eta aurtengo Zinemira saria aktore ezagun batentzat izango da: Elena Irureta. «JAUZI ERRALDOI BAT» Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, gure zinemaren egoerari buruzko hausnarketa bota nahi izan zuen: «Azken zortzi urteetan gure Sail Ofizialean beti egon da euskal filmen bat, eta hori euskal zinemaren bilakaeraren adierazle garbia dela esango nuke». Rebordinosek zoriondu nahi izan zuen “Marco” filmeko taldea ere, «jauzi erraldoi bat izan baita, bai filmarentzat baita euskal zinemarentzat ere, haiek Venezian egotea». Veneziatik pasa ondoren, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako “Marco” izango da Perlak sailari amaiera emango dion lana Belodromoan, lehiaz kanpo. Nagore Aranburu aktoreak (Azpeitia, 1976) GARAri egindako adierazpenetan, bilakaera horren lekukotasuna eman du: «Gu, orain dela hamar urte, ‘Loreak’ filmarekin egon ginen Zinemaldian [Jon Garañok berak eta Jose Maria Goenagak zuzenduta, 2014ko Zinemaldian estreinatu zen], eta oso gutxitan gertatutako zerbait zen euskal film bat Sail Ofizialean egotea. Errealak jokatzen duen egunetan bezala hartu gintuzten. Eta orain ikusten da askoz gauza gehiago egiten ari direla eta hemen ekoitzitako gauzak, bertako profesionalekin, poliki-poliki hazten ari direla. Orain ez dugu Madrilera joan behar hiru hilabete lan egitera». Hamar urteren buruan, lehiatik kanpo bada ere, Sail Ofizialera bueltatu da azpeitiarra “Querer’’-ekin. Lau ataleko telesail motza da, urrian Movistar+en ikusiko dena. Alauda Ruiz de Azuaren (“Cinco lobitos”) lan berri honetako protagonista da: 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten azalean sartu da. «Oso gutxitan tokatzen da horrelako ibilbidea duen pertsonaia bat egitea», aitortu zigun. Sail Ofizialean lehiatuko da euskal ekoizpena duen “Soy Nevenka” ere, Iciar Bollain madrildarraren filma. Tabakalerako aurkezpenean Urko Olazabal aktorea ikusi genuen atzo. Olazabal (Goya sari bat jaso zuen Bollainen “Maixabel” filmagatik) Ponferradako PPko alkatearen azalean sartu da. ZORTZI MUNDU-ESTREINALDIAK Zinemirari dagokionez, berariaz euskal zinemari eskainitako sailean bederatzi proposamen bilduko dira; horietako zortzi mundu-estreinaldiak, eta horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak. Irizar Sariaren bidez 20.000 euro emango zaizkie filmaren ekoizleei. Kutsu “bilbotarra” eta futbolzalea izango du irekierako filmak. Raul de la Fuente iruindarrak “Williamstarrak” ez-fikziozkoarekin inauguratuko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu. Eta itxi, Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako “Chaplin Espiritu gitano / Chaplin Spirit of The Tramp” film luzearekin itxiko da. Charlie Chaplinen senitartekoen familiaren ijito-herentziaren bilaketan murgiltzen da filma. Atal honetan Chillidaren mendeurrena ere gogora ekarriko da, eskultorearen lanetan oinarrituta Arantxa Aguirrek “Ciento volando” filmatu baitu. Filmean Jone Laspiur aktoreak gidari lanak egiten ditu Chillidaren unibertsoan. Zinemagile historiko batzuk ere presente egongo dira aurtengo Zinemiran: Ernesto del Riok, esaterako, Bilboko Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko zuzendari ohiak, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erretratatuko du: “Ezer ematen ez dizun mundu hori / Ese mundo que no te da nada”. Jone Ibarretxe de la Calek eta Nere Falagan Martinek gai oso “etxekoa” aukeratu dute beraien lehen lanerako: Ibarretxe anaien (hots, egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertuko dituzte “Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa)” filmean. Euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu hiru anaiak erretratatzeko. Eta “Zortzitik infinitura” lanean, hots, Naia Laka Arrizubietak zuzendu duen lehen lanean, euskal zinemaren historia kontatuko zaigu, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzailea izan den Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta -Donostiako aurkezpenera etorri zen Ansola, 96 urte ditu, baina indartsu dago- eta Miren Agur Meabe idazlearen hitzekin lagunduta. Miguel Alba Ricok, Nino Fontnnek eta Itziar Bernaolak ere euren lehen zinema-lana erakutsiko dute: “Los poderes de Lolo” dokumentala, Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa; “La bola de cristal” telebista-saio mitikoa sortu zuen Lolo Ricok, eta aipatzekoa da haren 40. urteurrena betetzen dela aurten. Azkenik, “Erreplika” da Pello Gutierrezen bigarren film luzea eta bakarka zuzendutako lehena. Hausnarketa bat XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutierrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan. Saila lehiaz kanpoko emanaldi batek osatuko du: “Indarkeriaren oi(h)artzunak”, Tamara Muruetagoienaren testigantza gordinaren ingurukoa da. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren sari nagusia eta Nazioarteko Amnistia- ren aipamen berezia lortu zituen Amaia Merinok eta Ander Iriartek egindako lan honek. Hauek guztiak Irizar sariaren lehian izango dira, baita David Perez Sañudo bilbotarra ere, aurten New Directors sailean “Azken erromantikoak” aurkeztuko baitu; Txani Rodriguezen nobelan oinarrituta, Miren Gaztañaga du protagonista. Filmean, Iruneren bizitza egun batetik bestera nola aldatzen den ikusi ahalko dugu, hainbat gertakizunek baldintzatuta: bularrean koskor bat topatzea edo lantegiko gatazka batean sartuta egotea. «GAZTEAK OSO PRESTATUTA DAUDE» Marian Fernandez Pascal Txintxua Films ekoiztetxeko burua da, eta aurten sortu den EPE-IBAIA euskal ekoizleen elkarteko lehendakaria. «Bat-batean botatako ideia bat da, baina euskal ikus-entzunezkoen heldutasun momentu bat bizitzen ari garela iruditzen zait -zioen aurkezpenaren bukaeran-. Gero eta serioagoa, gero eta sendoagoa da sektorea, eta niretzat unitatea da heldutasun horren adierazle bat». Eta etorkizunera begira, belaunaldi berriak indarrarekin datoz. «Gazteak oso ondo prestatuta datoz, kristoren gogoarekin, ideia askorekin, eta formakuntza maila altuarekin iristen zaizkigu. Nik maila handia ikusten dut gazteetan. Niretzat oso garrantzitsua da transmisioa: asko jaso dut nire maisuengandik, eta nik ere oso gustuko dut gazteengandik gertu egotea». IRAGANA«Gu, orain dela hamar urte, ‘Loreak’ filmarekin egon ginen Zinemaldian, eta oso gutxitan gertatutako zerbait zen euskal film bat Sekzio Ofizialean egotea. Errealak jokatzen duen egunetan bezala hartu gintuzten», gogorarazi zuen Nagore Aranburu aktoreak. GAURKOA«Azken zortzi urteetan gure Sail Ofizialean beti egon da euskal filmen bat, eta hori euskal zinemaren bilakaeraren adierazle garbia da. ‘Marco’ Venezian egotea ere jauzi erraldoi bat izan da, bai filmarentzat berarentzat baita euskal zinemarentzat ere», Jose Luis Rebordinosen esanetan. ETORKIZUNA«Euskal ikus-entzunezkoen heldutasun momentu bat bizitzen ari garela iruditzen zait. Gazteak oso ondo prestatuta datoz, kristoren gogoarekin, ideia askorekin, eta formakuntza maila altuarekin iristen zaizkigu», zioen Marian Fernandez EP-Ibaia elkarteko lehendakariak.