GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
IÑIGO LLOPIS
Igerilaria

«Saiatu behar gara Parisko frogak nire momenturik onenak izan daitezen»

Zalantzarik ez dago: Iñigo Llopis (Donostia, 1998) igeriketako izar handienen artean dago. Tokioko Paralinpiar Jokoetan zilarra lortu zuen, eta hiru urteko ziklo honetan emaitza bikainak lortu ditu: 2022an Madeirako Munduko Txapelketan bi zilar kolkoratu zituen, 2023an Manchesterren munduko txapeldun izan zen... Orain, prest dago Parisen zerua ukitzeko.

(Jon URBE | FOKU)

 

Parisko Olinpiar Jokoak ospatzen ari ziren bitartean harrapatu zuen NAIZ Irratiak Iñigo Llopis. Entrenamendu tartean telebistaz jarraitu zuen hitzordua. Inbidia baino gehiago, «gogo handia sartu zitzaion, bere unea heltzeko gutxiago falta zelako. Eta hemen da bere momentua.

Igeriketaz gain, ikusteko gustuko al duzu beste modalitateren bat?

Egia esan, maila honetan, kirol gehienak dira ikusgarriak. Igeriketa, praktikatzen dudalako, futbola ere asko gustatzen zait, baina beste kirolak ikustea ere izugarria da.

Motibatzeko baliagarria izango da, anbientean sartzeko.

Bai. Egia da ziklo hau pixka bat motzagoa izan dela, baina hiru urte pasa dira jada eta bueltan da. Gogo handia dut.

Nola zaude?

Ondo. Urduritasun pixka bat badut, baina normaltasunean. Urte osoa ondo joan da, baita azken denboraldia ere, non marka onak egin ditudan eta errekorrak hautsi ditudan. Sentsazio onekin nago eta saiatu behar gara Parisko frogak nire momenturik onenak izan daitezen.

Duela hiru urte Tokion izan zinen, senide eta lagunen berotasunik gabe, Covid-19aren ondorioz. Orain, zentzu horretan behintzat, gozatzeko aukera izango duzue.

Bai. Tokion, jenderik gabe, hotzagoa izan zen dena. Aurten, Parisen, jendea egongo da eta, gainera, familia eta lagunak hurbil daude Parisera iristeko. Beraz, askoz ere hobeto.

Rion ere izan zinen. Alde handia al dago ikusleekin edo ikuslerik gabe lehiatu?

Gogoratzen dut Rion flipatu egin nuela jendearekin. Brasildarrek martxa asko dute eta festa bat ematen zuen igerilekuak, villa olinpikoak... Oso pozgarria zen dena. Eta Tokion, pandemiarekin, denak maskarillarekin, harmailak hutsik... Alde handia nabaritu nuen.

Zure motibazioan eraginik izan al zuen horrek?

Azkenean beti plus bat da. Lagunak eta familia Parisera joatea eta beraiek bizitzea zer diren Paralinpiar Joko batzuk, hori ere polita da. Beraz, motibazio gehiago aurten.

Pariskoa zure hirugarren hitzordu paralinpikoa izango da. Beste txapelketekin alderatuta, esango al zenuke benetan bereziak direla?

Bai, bai. Azkenean, guretzat erakusleiho askoz ere handiagoa da. Jendeak lau urte pasatzen ditu Jokoak prestatzen, ze denok nahi dugu gure momenturik onenak Paralinpiar Jokoetan izatea; beraz, hain momentu polit batean onenekin lehiatzea berezia da.

Zalantzarik ez dago izar handienen artean zaudela esatean. Zein helbururekin zoaz?

100 bizkarreko frogan, azken urteetan, beti egon naiz dominengatik borrokan; beraz, gure ideia da froga horretan ere borrokan egotea. Momentu onean iristen banaiz eta marka onak egiten baditut, borroka horretan egongo naizela uste dut. Beste aurkariek zein marka egingo dituzten nik ezin dut kontrolatu, baina ni lanean ari naiz Parisko frogetan nire markarik onenak egiteko.

Duela gutxi Berlingo txapelketan hartu zenuen parte: bi domina, Espainiako errekorra ere hautsi zenuen... Prestaketa lanak ez doaz gaizki, ezta?

Bai, ondo doaz. Berlingo txapelketan, maila handia egoten den txapelketan, beraiekin lehiatzea eta marka onak egitea beti seinale ona da, eta indar pixka bat gehiago ematen digu aurrera jarraitzeko.

Zure kasuan, Jokoetarako minima dezente azkar lortu zenuen. Honek beste erosotasun eta lasaitasun puntu bat emango du.

Bai, hori da. Abenduan egin genuen minima, eta lehenengoan egiteak lasaitasun handia ematen dizu lana ondo egiteko. Ez zara marmar horrekin egon behar. Selekzioko taldekide asko izan ditut azken hilabete hauetan urduri aritu direnak minimak egiteko.

Ziklo hau ohikoa baino motzagoa izan da. Beste urteetako prestakuntzarekin alderatuta, nola esango zenuke doala hau zuretzat pertsonalki?

Ondo, antzeko. Lehengo urtean marka oso onak egin nituen eta pixka bat antzeko ari naiz egiten.

Nahia Zudaire ere izango da Paralinpiar Jokoetan. Ordu asko pasako dituzue elkarrekin. Badakigu igeriketa kirol indibiduala dela gehienbat, baina entrenamenduetan eta egunerokoan elkarri asko lagunduko diozuela pentsatzen dugu.

Bai. Beti da polita beste euskaldun bat egotea taldean, eta elkarrekin nazioarteko txapelketetan parte hartzea ere oso polita da. Beti daukagu bata bestearen laguntza, egun onenetan eta egun txarretan.

Pikatzen al zarete batzuetan?

Bai, pikatzen gara. Hau ere ona da, entrenamenduetan estra hori ateratzeko.