2024 IRA. 03 AFTERSUN Oroimenari buruzko harribitxia Gaizka IZAGIRRE HERNANI Zeinen film berezia. Zeinen samurra eta gogorra aldi berean. Zeinen sotila eta inteligentea. Zeinen ausarta, zuzendariaren lehen film luzea dela kontuan izanda. Irauten dituen 98 minutuak igaro ondoren, “ezer gertatzen ez den” film horietakoa ikusi duzun sentsazioa izango duzu ziurrenik. Baina sentiarazi dizun horri buruz pentsatzen hasten zarenean, ikusi duzuna asimilatzen, zure garunean eta bereziki bihotzean utzi duen arrastoak hor jarraitzen duela ohartzen zarenean, barrutik birrindu eta desegingo zaitu. Sophie protagonistak hogei urte atzera aitarekin egindako oporraldi bati buruzko gogoeta kontatzen du filmak. Horretarako, oroimenei heltzen die, eta urte horietan bideokamera zahar batekin grabaturiko irudiak errepasatzen ditu. Film osoa bi elementu horiekin eraikia dago. Ahaztu ohiko narrazioek izaten duten hasiera, korapiloa eta amaiera. Oroimenari buruzko filma da honakoa, eta oroimenek, sarritan, errealitate zatikatua ikusten uzten digute soilik. Planteamendua ederra da, oso iradokitzailea eta sotila delako; ez da ia ezer hitzez azaltzen. Guk osatu behar dugu puzzle emozional hau bidean uzten dizkiguten detaile txikiekin. Ikusleak haurtzarora bidaia hau protagonistarekin batera egitea du helburu, oroitzapenen artean arakatzeko eta hain etsi-etsian behar dituen erantzun horiek aurkitzen lagunduko dioten adierazleak edo keinuak topatzeko. Zinemak eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutu ditu zuzendariak. Charlotte Wells, apuntatu ongi izen hori. Harribitxia iruditu zait, azaldu ditudan alderdi horiengatik guztiengatik. Interesgarria aitatasuna emakumearen ikuspegitik -Sophierenetik- islatzen duelako ere, horrek dakarren konplexutasun guztiarekin.