2024 IRA. 03 AZKEN PUNTUA Prentsan Yasmine KHRIS Itzultzailea Bulegora heltzean, istant bat hartzen dut beti egunkariak gainbegiratzeko. Atzo, Mundua atalean lerroburu batek pantaila okupatzen zuen: “AfD eskuin muturrak garaipen argia lortu du Turingian”. Eta deigarriena, niretzat, azpititulua: “Alemania shock egoeran dago”. Shockean, bada. Memoria ariketa egiten dut (hemerotekaren laguntzarekin), gogoratzeko azken asteetako artikuluak. Batean, bertako soziologo batek horrela zioen: “Inork ez du beldurrik errefuxiatuen kontra hitz egiteko jadanik. Beltza banintz, ez nintzateke inoiz hemen biziko”. Klik. Egunkari frantses batean, Mazango epaiketaren kronika bat [gizon batek emaztea drogatu zuen bederatzi urtez eta ezezagunak kontratatzen zituen hura bortxatzeko]. Mazango herritar bat harritu da: “Ezin genuen imajinatu senar bat hau emazteari egiten”. Alkateak akusatuen profil "susmagaitzak" azpimarratu zituen. Gertakarien ankerkeriaren atzetik, beste sorpresa bat, itxuraz. Lanari ekin aurretik, azken izenburu bat espainiar prentsan: “Gizon gazteen %26k ‘zenbait egoeratan’ nahiago dute autoritarismoa demokrazia baino”. Are gehiago: 27 eta 42 urte bitarteko gizonen %22,9k uste du erregimen autoritarioa onargarria dela. Nik ez dut loturarik egin hemen; prentsa irakurri dut soilik.