2024 IRA. 05 Elkarrizketa ANE CAMPOS Eibarko aurrelaria «Iazkoa hobetzea zaila izango da, baina horri begiratu behar diogu» Joan den denboraldia gogoangarria izan zen Eibarrentzat. Gorengo mailara igo berri, hamargarren amaitu zuten armaginek, jaitsiera postuetatik urrun. Ane Campos (Getaria, 1999) Eibarko aurrelariak adierazi du multzoa ez dela askorik aldatu. Gauzak argi dituzte, eta haien jokatzeko moduarekin «gustura» daude: «Horrekin bukaeraraino joango gara». (Andoni CANELLADA | FOKU) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Bosgarren denboraldia egingo du Eibarren Ane Campos taldeko kapitainak. «Oso pozik» dago bertan, eta «konfiantzarekin» jokatzen ari da. Golak sartzeaz harago, bestelako zereginetan ekarpen handia egiten dio taldeari: «Presioarekin, joko zuzen horretan, eta defentsan, taldeari laguntzen saiatzen naiz». Eibarren indargunea, taldea bera da: «Uste dut taldearentzat jokatzen duen multzoa garela». Getariarrak nabarmendu du lehen geldialdia iritsi baino lehen, zazpi partidetatik bost etxean jokatuko dituztela, eta hor Ipurua haien «gotorleku edo tenplu» izan behar dela. Larunbat honetan Betisen aurka jokatuko dute Ipuruan ligako lehen partida (18.00etan). Luze egiten al da oporraldia? Ez pentsa. Hilabete edukitzen dugu atseden hartzeko. Denboraldiaurrea gerturatzen ari den bitartean, gogo hori jartzen zaigu jende berria ezagutzeko, iazko taldekideekin egoteko eta pixkanaka sentsazio berriak hartzen joateko. Lehiatzen hasteko gogoz egongo zarete. Bai, gogo handiarekin gaude. Denboraldiaurrea pixka bat luze joaten da, azkenean lan karga asko sartzen digutelako, partida asko ere bai. Ligarako gogotsu gaude, eta ikusten duzunean jada azken astea dela, egun hori iristear dagoela, gogoa handitu egiten dira. Nola joan da sasoi aurrea? Oso ondo, oso lasai. Pixkanaka hasi gara, eta pixkanaka joan gara lan karga sartzen eta sentsazioak hartzen. Partida asko jokatu ditugu, baita entrenamendu asko egin ere. Orain gogotsu gaude liga hasteko eta ikusteko ea non gauden. Sei jokalarik utzi dute taldea, eta beste hainbeste etorri dira. Behar bezala taldea egiteko astia izan duzue? Eibarrek duen onena da oso talde ona garela eta multzo handiena mantendu egin dugula. Etorri diren jokalariek asko erraztu digute dena. Hasteko, oso pertsona onak dira, eta jokalari bezala zer esanik ez. Ekarpen handia egin dute, bai etorri direnek, bai dauden jokalariek, bai eta talde teknikoaren parte direnek ere, aldaketak egon direlako. Etorri berri den bakarren batek arreta piztu dizu? Denak desberdinak dira eta denek zerbait desberdina ematen diote taldeari. Monne [Margherita Monnechi], adibidez, aurrelari bezala nigandik gertu jokatzen du, eta oso pertsona eta jokalari ona iruditzen zait, oso langilea. Uste dut gauza polit eta asko emango dizkigula sasoi honetan. Bigarren urtea gorengo mailan, iaz hamargarren. Behin ere jaitsiera postuetan egon gabe. Nolako sasoia izan zen? Iazkoa sufritutako denboraldia izan zen, baina baita sufrimendu horretan asko disfrutatutako denboraldia ere. Azken postu horietan ez ginen sartu, eta goraka begira gehiago egon ginen denboraldia izan zen. Aurten hori hobetzea zaila izango da, baina horretan arreta jarri behar dugu. Iazko gauza onetatik ikasi, eta hobetzeko daudenetatik hobetu. Ea aurten hobetzerik edo, behintzat, berdintzerik badugun. Kasik Reala harrapatu zenuten, hiru puntura zegoen. Bai, hor egon zen. Badakigu Reala zer talde den eta zein jokalari dituen. Hor egon ginen gertu, bai Reala harrapatzeko, baita beste talde batzuk ere, eta azkenean hortxe geratu ginen. Ahalik gorenen bukatzeko borrokatu genuen. Nora begiratuko du Eibarrek? Uste dut Eibarrek partidaz partida begiratu behar duela, joan den denboraldian egin genuen bezala. Ez dugu begiratu behar ez goiko postuetara, ez beherakoetara, ez erdikoetara. Asteburu oro gure lana egin behar dugu. Egia da lehenengo geldialdia baino lehen etxean bost partida ditugula, eta uste dut Ipurua gure gotorleku edo tenplu izan behar dela. Bertan indartsuak izan, eta pixkanaka geldialdi batetik bestera ikusiko dugu asteburutik asteburura zein helburu jarri edo zer egin. Beti erabiltzen duzue “partidaz partida” esaldia. Hala ere, aldagelan edo, pentsatzen dut zuen artean zerbait hitz egingo duzuela. Ez pentsa. Aste honetan gogotsu gaude liga hasteko. Aldaketa asko egon dira bai entrenatzaile postuetan baita aldageletan ere. Guk gogoa dugu joan den denboraldian egin genuena hobetzeko edo berdintzeko, eta gero, etorri behar dena etorriko da. Helburu handiak jarriz gero, jakin ezazu zer pasako den. Eta gero, psikologikoki ere oso denboraldi zaila eta gogorra izango da. Hortaz, partidaz partida joan behar dugu, eta gero ikusiko da. Yerai Martinek jarraitzen du entrenatzaile; beraz, pentsatzen dut jokatzeko modu berari ere eutsiko diozuela. Bai, nahiz eta talde teknikoa aldatu, denboraldiaurrean ikusi da gure jokoa. Yeraiek [Martin] eta talde tekniko guztiak joko eta ikuspegi bat helarazten digute, eta gu gustura gaude joko horrekin. Erantzun genuen joan den denboraldian, eta datorrenean ikusiko da partida batetik bestera zer eskaintzen dugun eta zer ez. Gauzak argi ditugu, eta horrekin bukaeraraino joango gara. Nola ikusten duzu aurtengo liga? Euskal taldeak? Taldeek aldaketa asko egin dituzte, entrenatzaileekin eta jokalariekin. Alde horretatik, uste dut liga oso lehiakorra izango dela. Gu penarekin gaude iaz derbirik ez genuelako irabazi, aurten arantzatxo horrekin gaude. Ea irabazteko gai garen; gai badakit bagarela, baina ea derbiren bat etxean irabazterik badugun. Alor pertsonalean, pentsatzen dut pozik egongo zarela. Partida ia gehienetan hasieratik jokatu duzu. Bai, oso pozik nago. Jokalari bezala, jokatzea gustatzen zaigu. Aurrelaria izanda, egia da gol asko ez ditudala sartu, baina uste dut taldearentzat jokatzen duen multzoa garela. Aurrelari bezala, gol hori etortzeko, bertan egiten den lan guztia saiatzen naiz egiten: bai presioarekin, bai defenditzen laguntzen. Joko zuzen horretan eta defentsan, taldeari asko laguntzen saiatzen naiz, eta horretan jarriko dut arreta. Ea aurten zorte handiagoa dudan eta gol gehiago sartzen ditudan. Baina lasai, oso lasai nago. Bosgarren denboraldia egingo duzu Eibarren. Jada zure etxea dela esan daiteke? Bai, lehenengo urtetik sentitu dut Eibar nire etxea dela. Oraindik urtetik urtera pixkanaka “etxeago” bilakatzen da. Ondo nago, oso lasai, konfiantzarekin. Hori, ni horrela sentitzea, talde teknikoak lortu du, kirol zuzendariak ere bai, eta bereziki jokalariek. Etxean hasiko duzue liga, Betisen aurka. Bi entrenatzaileak euskaldunak dira, eta badakigu euskaldunen arteko partidak nolakoak izaten diren, ezta? Oso gogotsu gaude, lehen partida jokatuko dugulako eta etxean jokatuko dugulako, Ipuruan, gure jendearekin. Guk gurea emango dugu, denboraldiaurrean egindako entrenamendu eta lanarekin gure ideia zelaian islatuko dugu. Beti bezala bukaeraraino borrokatzera joango gara, hiru puntuak etxean gera daitezen. «Aurrelari bezala, gol hori etortzeko, bertan egiten den lan guztia saiatzen naiz egiten: bai presioarekin, bai defenditzen laguntzen. Joko zuzen horretan eta defentsan, taldeari asko laguntzen saiatzen naiz»