2024 IRA. 05 CENTRAL PARKEKO HEROIAK Irudimenaren aldeko alegatu atsegin baina eskasa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Filma ikusten ari nintzela aurretik ikusitako ehunka animazio lanen formula birziklatu bat dela sentitu dut, -“Pinocho” edota “Toy Story” dira, esaterako, agerikoenak-. Arazoa zera da: ez du erreferentzia horietatik edaten eta ez ditu omenaldi gisa erabiltzen; horien kopia kaskar bat besterik ez da. Pelikulak irudimenaren aldeko alegatua egiten du, baina filmean ezinezkoa da inolako originaltasun zantzurik topatzea. Lan honen ahuleziarik handiena istorioa bera da; aurreikusteko moduko gidoia du; umeek ere erraz jakingo dute hasieratik gertatuko den guztia, eta azaltzen dena sarritan ikusi izan dugu beste pelikula batzuetan. Pertsonaiak berak ere nahiko lauak dira eta horiekin emozionalki konektatzea ia ezinezkoa dela iruditzen zait. Argumentua ezin sinpleagoa da, baina baditu umeentzat -eta helduentzat, jakina- egokiak diren zenbait mezu: adiskidetasunaren garrantzia, bigarren aukeren balioa eta, batez ere, irudimenaren mundua zeinen garrantzitsua den azpimarratzen du. Teknikoki ere arrunt samarra da eta ez du gogoangarri egiten duen izaera bisual propiorik edo estilo berezigarririk. Hala ere, interesgarria iruditu zait, bi animazio mota erabiltzen dituelako: bata, filmaren narrazio orokorra azaltzeko, eta bestea, On Kixoteren irudimenean murgiltzeko. Tekniken arteko bereizketa honek ukitu fresko eta dibertigarria eransten dio kontakizunari. Euskarazko bikoizketan, ohi bezala, lan ederra egin dute. Gainera, haurrentzat erakargarriak diren zenbait une musikal ditu eta abesti horiek ere euskaraz bikoiztu dituzte. Ikusi euskarazko bertsioa; ziur ez zaretela damutuko. Irudimenaren aldeko alegatu atsegina iruditu zait, dinamikoa eta ikuserraza, etxeko txikiekin ikusteko oso aproposa. Zinematografikoki, ordea, eskas samarra da.