2024 IRA. 06 Eduki luzeegiak? Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Telesailaren atalak ordubetekoak dira» edota «bi orduko filma da» bezalako esaldiak entzutean, gehienetan, erantzunak honakoak izaten dira: «Uf, ze luzea, zerbait motzagoa nahi dut. Filmek gero eta iraupen luzeagoa dute». Egiari zor, nik ere sumatu dut azken boladan estreinatzen diren filmak ohikoa baino luzeagoak direla. Sentsazio hori ‘‘The Economist’’ astekariak baieztatu du argitaratu duen azterketan: egun, filmak lehen baino askoz luzeagoak dira. 1930 eta 2022 bitartean estreinatutako 100.000 izenburuen inguruko ikerketan ikusi da filmen batez besteko iraupena %24 handitu dela; 1930eko hamarkadako 81 minutuetatik gaur egungo 107 minutuetara. Hollywoodeko ekoiztetxe handien kasuan, bereziki Marvel, DC eta plataforma digitalek ekoizten dituzten filmetan, batezbestekoa are handiagoa dute: 150 minutu. Datuak hor daude eta eztabaidaezinak dira, baina hasierako erantzun ganoragabe horiek asko urduritzen naute; sortzaileak erabaki badu bere edukiaren iraupena hori izan behar dela, obraren alde hartu duen erabakia da, eta pentsatu nahi dut arrazoi sendoak daudela horren atzean, kito. Ez da kapritxo bat, sormen arrazoiak daude erabakiaren atzean, besterik ez. Arazoa, ordea, iraupenaren erabakiaren atzean helburu komertzialak soilik daudenean loratzen da; hor, urduritu baino gehiago, sutu egiten naiz.