GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
NAHIKARI GARCIA
Athleticeko jokalaria

«Taldeak heldutasun handiagoa dauka, eta anbizio berdina»

Athleticek «gora begira» jarraitu behar duela adierazi du Nahikari Garcia (Urnieta, 1997) Athleticeko jokalariak. Joan den denboraldian bosgarren amaitu zuten zuri-gorriek, eta Kopan finalerdietaraino ailegatu ziren. Urnietako aurrelariaren asmoa «iazkoari jarraipena ematea» da, eta, pertsonalki, zenbakiak hobetu bai baina sentsazioetan ere arreta jarrita.


Bizipen asko ditu motxilan» Nahikari Garcia Athleticeko jokalariak. «Momentu onean nago orain, eta jarraipena eman nahi diot», adierazi du 27 urteko aurrelariak NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Konfiantza berreskuratu du Garciak talde zuri-gorrian. Iaz iritsi zen Lezamara, talde tekniko berriarekin batera. Real Madrilen bi urte eman zituen, baina minutuen beharrarekin Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen.

Aurten, «askoz gehiago eta hobeto» elkar ezagutzen dutela nabarmendu du, eta iaz lortutako «guztiari jarraipena» eman nahi diotela. Bosgarren egin zuten ligan, eta Kopan finalerdietarako sailkatu ziren. Igande honetan ekingo diote ligari, 12.00etan. Levanteren aurka neurtuko dituzte indarrak Valentzian.

Joan den asteburuan Euskal Herriko Kopako finala izan zenuten; zu ez zinen lehiatu. Ondo zaude?

Bai, errekuperatuta. Aurreko astean molestia batzuekin aritu nintzen. Toulouseko txapelketa exijentea izan zen guretzat ere; minutu guztiak jokatu nituen eta pixka bat zaintzeko hartu zen erabakia, ikusita liga gainean geneukala. Batzuetan jokalariok ez daukagu prebentziorik, baina entrenatzaileek geldiarazi egin behar gaituzte eta kasu honetan horrela izan zen.

Realak eraman zuen garaikurra. Nola ikusi zenuen zure taldea harmailatik?

Derbi partida tipiko bat izan zen. Boterea ez galtzeko beldur hori nabaria zen. Egia da aurreko urtean derbi politagoak ikusi genituela. Baina tira, denboraldiaurrea da; polita izan zen jende aldetik ze jende asko gerturatu zen Tolosara. Beti gustukoa da ikusteko. Eta kirol esparruari dagokionez, espero dut denboraldian zehar partida politagoak ikustea.

Hiru jokalarik erretiroa hartu dute; fitxatu duzue baina ez hainbeste. Blokea mantentzen duzue. Nola ikusten duzu taldea datorrenari aurre egiteko?

Iaz jokalari asko iritsi ginen, baita entrenatzaile eta staff berria ere. Horrek beti lan gehigarri bat dakar atzetik. Kontzeptu berri askotara moldatu behar zarelako. Aurten askoz eginagoak gaude, badakigu entrenatzaileak zer nahi duen, gure artean ere elkar ezagutzen dugu. Hala ere, jende garrantzitsua iritsi da; Leire Baños, adibidez, asko emango diguna. Oro har, talde osoak heldutasun handiagoa dauka eta anbizio berdina. Iazko proiektuari jarraipena emateko oso gogotsu gaude.

Denboraldia hasteko aurkari gogorra izango duzue, Levante, Valentzian bertan.

Partida exijentea izango da. Beraiek aldaketa asko egin dituzte, baina jende garrantzitsua ere mantendu dute. Hango zelaia zaila izaten da; hasieratik erakutsi nahi dugu non egon nahi dugun eta zein izan behar den gure ibilbidea, eta, horretarako, Valentziara dena ematera joan behar gara.

Iazko bi partidetan garaipena lortu zenuten; horrek laguntzen du zerbaitetan?

Asko aldatu dira beraiek eta gu mentalki ere bai. Liga berri bat da eta aurreko urtean egindakoak ez digu ezertarako balio. Egia da aurreko urteko partidak oso exijenteak izan zirela, gu ere asko markatu gintuzten, gure maila non zegoen ikusteko. Jakinda liga berri bat hasten dugula eta beraiek oso aldatuta daudela, badakigu parekotasunez borrokatuko garela. Liga ondo hasteko gogo horrekin gaude.

Zer-nolako partida aurreikusten duzu igandean?

Lehiatua izango da, ziur. Lehenik eta behin, beraien etxean jokatzen dugulako. Taldeak etxean normalean gogor ibiltzen dira eta, hain justu, beraiek askoz zuzenago jokatzen dute beren zelaian; askoz bertikalagoak dira. Erdian kalitate hori mantentzen dute Paula, Sosarekin... Beraiei plus bat ematen die. Guk gure lana egin behar dugula badakigu, intentso jokatu eta ahalik eta min handiena egiten saiatuko gara.

Leire Baños aipatu duzu lehen; Levante utzi eta Athleticera batu da aurtengo udan. Zerbait kontatu al dizue Levanteri buruz?

Beti egoten gara jakin nahian nondik egin dezakegun min handiena baina, esan bezala, beraiek ere aldaketa asko egin dituzte. Hasteko, entrenatzailea aldatzen denean jokamoldea ere aldatu egiten da. Beraiek urte asko daramate konpetizioan oso ongi egiten eta maila altuan lehiatzen, eta guretzat erronka polita da.

Aurtengo denboraldian zein helburu ditu taldeak?

Aurreko urtekoari jarraipena ematea da xede nagusia. Talde gaztea daukagu eta bilakaera horrekin jarraitzeko asmoa dugu. Gora begira ibili behar gara beti, talde aldetik, staff aldetik eta baliabide aldetik. Egia da klubak gure eskuetan jartzen dituen baliabideak talde gutxik dauzkatela Lehen Maila honetan, eta horrek ere guretzat abantaila bat izan beharko luke.

Alor pertsonalean, iaz iritsi zinen Athleticera, Real Madrilen bi urtez aritu ostean. Hamaikakoan jarraitutasuna izan zenuen, 24 partida hasieratik jokatuta. Zuretzat helburu garrantzitsuetako bat bete da, ezta?

Bai, guztiz. Denboraldiaurre honetan oso sentsazio onak izan ditut; ondo itzuli naiz eta guzti horrek niri ere konfiantza ematen dit. Taldearen Bloke nagusia ere mantentzen da eta, beraz, askoz hobeto elkar ezagutzen dugu, ni askoz erosoago nago. Taldeari ahalik eta gehien laguntzen jarraitzeko eta, beti aipatzen den bezala, Nahikaririk onenetakoa ikusteko asmoarekin nabil lanean.

Pixkana-pixkana Realean ikusi genuen Nahikari horren maila berreskuratzeko bidean zaude, orduan?

Bai, Nahikari ezberdin bat izango da [barrez], helduago bat. Jada 27 urte ditut. Bizipen asko ditut motxilan. Horrek ere niri beste segurtasun bat ematen dit. Pozik nago. Bizitzako ibilbide osoak asko eman dit, momentu onean sentitzen naiz orain eta horri jarraipena eman nahi diot. Batzuetan bakoitza sentitzen den moduaren eta ikusten denaren artean desberdintasunak egon daitezke, baina oso pozik nago egindako lanarekin eta nola sentitzen naizen. Gol eta puntuekin lan horri saria emateko gogotsu nago.

Bost gol sartu zenituen iaz. Aurtengo jarri diozu zure buruari helburu zehatzen bat?

Zenbakitan ez. Marka horiek hobetu nahi ditut. Badakit nire helburua askoz handiagoa dela, baina sentsazioetan jarri nahi dut arreta. Futbolariok asko mugitzen gaitu nola sentitzen garen. Badakit zer eman dezakedan, non lagundu dezakedan eta hori islatzeko gogotsu nago. Konfiantza ematen dizu eginiko lanak, baina noski nahi nukeela gol kopurua, gol paseak edota taldearen ibilbidea hobetu.