2024 IRA. 06 Udaltzainen aldi baterako lan poltsan sartzeko euskara eskatzea baliogabetu dute Euskararen aurkako erasoaldi judizialean beste urrats bat egin du EAEko Auzitegi Nagusiak. Oraingoan, baliogabetu egin du udaltzaingoen aldi baterako lan poltsan euskara eskakizunen artean izatea. Kalean jarduten duten poliziakide «bikote bakoitzeko kide batek jakitea» nahikoa dela dio epaiak. Arkautiren irizpideen kontrako epaia da orain berretsitakoa. (Raul BOGAJO FOKU) GARA BILBO EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2021ean deitutako udaltzaingoen aldi baterako lan poltsan parte hartzeko euskara hizkuntza eskakizuna izateko nahitaezko baldintza. Horrekin berretsi egin du, beraz, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiaren epaia, aurretik emandakoa. Udalek lan-poltsa horretara jotzen dute udal-agenteen plazak bete behar dituztenean. UGTk jakinarazi zuen hori 2022ko irailean. Hortik hilabete gutxira zabaldu zenez, Lakuako Gobernuak ez zuen honen aurkako helegiterik aurkeztu, eta ondorioz B2 euskara maila ez egiaztatzeagatik udaltzain izateko deialditik kanpo geratu zirenak onartu behar izan zituzten. “El Correo”-k argitaratu eta auzitegiak atzo baieztatu zuenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak uste du euskara eskakizuna eskatzea «neurrigabea eta diskriminatzailea» dela hizkuntza hori ez dakienarentzat, eta adierazi du lan poltsaren helburua «udaltzainen faltari» aurre egitea zela, eta, beraz, hizkuntza bigarren mailako aldagai gisa hartu behar zela. Gaineratu duenez, «ezerk ez du eragozten azkenean hautatuko diren izangai potentzialak hizkuntza-eskakizunik gabeko lanpostuetara, edo igarotako hizkuntza-eskakizunik gabeko lanpostuetara, edo hizkuntza-eskakizun txikiagoa duten lanpostuetara bideratzea». Halaber, epai honek argitzen du eztabaidan dagoena lan-poltsa batean sartzeko eskakizunak direla, eta ez lanpostu bat eskuratzeko behar den profila. Nolanahi ere, aitortzen du «euskal hiztunek hizkuntza koofizialean komunikatzeko duten eskubidea bermatu egin behar dela, gutxiengoa osatzen duten ala ez kontuan hartu gabe». Horretarako, ordea, nahikoa litzateke «bikote bakoitzeko kide batek eta jendea artatzen duten eragileetako batek hizkuntza ezagutzea». Horregatik ondorioztatzen du euskara maila jakin baten baldintza «ez dagoela justifikatuta», eta honakoa gaineratzen: «Biztanleriaren zati handi bat, erdaldunak, diskriminatzeko elementu bihurtu da, funtzio eta kargu publikoetara iristeko duten eskubideari dagokionez». Hizkuntza eskakizuna izateko derrigortasunak «erdaldunen funtzio eta kargu publikoetarako sarbidea mugatzen du, arrazoi objektiborik gabe». Euskara «meritu» gisa, eta ez betebeharreko baldintza gisa, kontuan har daitekeela aipatzen du. Helegitea aurkeztu ahalko da Auzitegi Gorenean. «MERITUA»EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai honek euskara «meritu» gisa eta ez betebeharreko baldintza gisa har daitekeela aipatzen du.