2024 IRA. 07 FRANTZIAKO LEHEN MINISTROAREN IZENDAPENA Elkarrizketa PEIO DUFAU Fronte Popularreko diputatua «Macronek egindakoak demokrazia zapaltzen du, kezkatuta gaude» Peio Dufau EH Baiko diputatuaren erranetan, «demokrazia zapaltzen du» Emmanuel Macronek Michel Barnier lehen ministroa hautatu izanak. Hauteskundeetan emaitzak «argiak» izan arren, Macronek bere politikak mantentzeko eskuinarekin eta eskuin muturrarekin bat egin izana arbuiatu zuen atzo NAIZ Irratian. (Guillaume FAUVEAU) Peli LEKUONA BAIONA Zer iruditu zaizue Macronen erabakia? Biziki txarra. Horrelako emaitza batentzat bi hilabete itxarotea harrigarria da, inork ez du ulertzen. Demokrazia zapaltzen du; izan ere, demokraziak argiki hitz egin du eta Macronek laugarren postua eskuratu zuen izen bat hautatu du lehen ministro izateko; eskuin muturraren babesa izateko izan da hori. Gizartean haserrea sumatzen da. Macronek zioen bera eskuinaren eta ezkerraren artean kokatzen zela, Alderdi Sozialistatik pasatua ere bazela, eta gaur egun ikusten dugu nahiago duela eskuin muturrarekin lan egin ezkerrarekin egin baino. Uste duzu nahita utzi duela horrenbeste denbora pasatzen Macronek? Ezkerrak legegintza hauteskundeetan lortu zuen garaipena nolabait ahaztu zedin? Ez da inondik ere ahantzia; gainera, emaitzak argiak dira: ezkerrak irabazi zituen hauteskundeak. Herritarren bi herenek Macronen aurka bozkatu zuten; hori da kontuan hartu behar dena. Eskuin muturra bozkatu duten denek ez dute bat egiten eskuin muturreko programarekin agian, baina horiek haserre handi bat erakutsi nahi izan dute. Ezkerrak eskuratu du lehen indarra izatea, eta argiki programa bat bozkatu dute horiek. Macronek emaitza horien erdian heren bat ordezkatzen du. Eta lortu duen bakarra bere boterea mantentzeko eskuinarekin eta eskuin muturrarekin bat egitea da. Ultraeskuinari aurre egiteko beharrak ezaugarritu zituen uztaileko hauteskundeak; ziur aski horregatik lortu zen Fronte Popular Berria horren azkar osatzea. Orain, eskuin muturra normalizatu egin dezake erabaki honek? Beldurgarria da, eta zaila da aurreikustea; izan ere, inork ez zuen pentsatuko horrelako lehen ministro bat hautatuko zuenik Macronek. Baina eskuin muturraren babesa mantendu nahi badu, eskuin muturreko neurriak hartu beharko ditu, eta horrek haserre handi bat sortuko du. Gu kezkatuta gaude, eta borroka politiko batean sartzeko prest. Azken finean, adostasun batzuk atzeman beharko dira lege batzuk aurrera eramateko, baina politika orokorra oso kontra izanen dugu. Azken urteetan gertatu dena da dirua batzuen sakeletan metatu dela eta jende xumearen sakelak hustu direla. Zerbitzu publikoetan inbertitzeko asmoa edota erretreten erreformaren kontrako plan bat ere bazeuden mahai gainean, baina Macronek orain beste bide bat hartu du: oso liberala, oso eskuindarra eta jende xumearen aurka joanen dena. Elkargoa, hezkuntza, hizkuntza, etxebizitza. Hauek dira Ipar Euskal Herriko kezka nagusietako batzuk. Bernierren hautaketak nolako eragina izan dezake arlo hauetan eta Iparraldean? Ipar Euskal Herriarentzat zer ekarriko duen ez dakit, zail ikusten dut. Baina etxebizitzari lotuta, alderdi guztien arteko neurriak har daitezke; adibidez, bigarren etxebizitzen aurka bi urte hauetan bide bat jorratu da, nahiz eta ez den bururaino eraman; orain hori egin behar dugu. Laborantza lurren babesari ere aterabide bat atzemateko aukera egon daiteke. Euskararena zailagoa da, nahiz eta lehen ministroak esan bere herrialdeari oso lotuta dagoela, ez dakigu horrek ondoriorik izanen duen. Nik ez dut sinesten, batez ere eskuin muturrarekin gobernatu beharko duelako, eta eskuin muturra hizkuntza txikien eta gurea bezalako herrialdeen aurka dago %100ean. Frantzia bakarra nahi dute. Asanblada Nazionalean zer nolako gehiengoak egon daitezkeela aurreikusten duzue? Zentroa, eskuina eta eskuin muturra. Hori da momentuz agerian dagoen gehiengo bat. Ikusiko dugu gero ezkerretik nola lor dezakegun haserre diren macronista batzuk gurekin biltzea. Ahalegindu behar dugu esanez: zer duzue nahiago eskuin muturrarekin lan egin edo ezkerrarekin? Hori da egun dugun eztabaida. Hainbat hilabetez egin dugu bat denek eskuin muturrari aurre egiteko. Macronek, aldiz, bere botereari eusteko erabaki du eskuin muturrarekin bakarrik lan egitea. Uste dut bere alderdian ere anitz kezka sortu dela. Astebururako deitu diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du EH Baik. Zergatik? Haserrea erakutsi behar delako; bozak izan dira berriki eta bozen emaitzak ez dira errespetatu. Gainera, boz horiek parte hartze historiko batekin atera dira, horrek esan nahi du zinez jendearen iritzia bildu dela eta Macronek badakiela jendarteak zer nahi duen. Baina, aldi berean, bozkatu denaren kontra doa. Mobilizatzeko deia zabaldu behar da; asteburukoa lehenengoa da, baina gehiago egongo dira Macronen politikari eta eskuin muturrari oztopo egiteko. Azken emaitzak ez badira errespetatuak, mobilizazioak izanen dira, erakusteko ez dela hori bozkatutakoa. ESKUINA GELDITU«Hilabeteetan egin dugu lan denek batera eskuin muturrari aurre egiteko. Macronek, aldiz, bere botereari eusteko erabaki du eskuin muturrarekin bakarrik lan egitea»