2024 IRA. 09 PILOTA Laugarren postuak ihes egin die Zabala-Imazi Galduta ere, txaloka agurtu dute Murua. (E. PORTILLO | FOKU) J.O. Pilotan eta kirolean sekula ez da ideia ona izaten aurkariak aukeratzen jardutea, eta auskalo zer gertatuko den datorren asteburuan Galdakao eta Altsasun jokatuko diren kanporaketetan, baina eskuan zuten laugarren postuari ihes egiten utzi eta Laso-Tolosaren aurka jokatu beharko dute ostiralean Zabalak eta Imazek, jokoan ezer gutxi zuten Peio Etxeberria-Mariezkurrenaren aurka galdu ostean. Hasiera bikain baten ostean, 5-14 eta 8-15 aurretik ere joan ziren errioxarra eta oiartzuarra, baina partida nahasi batean behar baino huts gehiago egin eta seigarren postuarekin konformatu behar izan dute, ia inertzia hutsez irabazi zuten nafarren aurka galduta. Igandean Altsasun Jaka-Martijak eta Peña-Zabaletak jokatuko dute, Nafarroa Arenarako azken txartelaren bila. Partida arraroa izan zen Arrasatekoa, bi zati oso desberdin izan zituena. Bikain ekin zioten lehiari Zabalak eta Imazek. Errioxarra fresko, pilota ederki mugituz eta errematean zorrotz. Atzean ere, Ander Imaz oso sendo aritu zen, kantxan oso deseroso aurkitu zen Jon Mariezkurrena baten aurrean. Berriozarko atzelariak onartu zuen partida amaieran aspaldian eskuetatik ez dabilela nahi bezain ondo eta partidan sartzea ikaragarri kosta zitzaiola. Gidoia, ordea, arrazoi argi zehatz bat gabe, erabat aldatu zen lehen atsedenaldi luzearen ostean. Zabala akats tonto batzuk egiten hasi zen, Peio Etxeberriak jokoan sartu eta partidari erritmoa sartzeko aukera gehiago izan zituen, eta bere atzelaria ere, ohiko pilotakada ikusgarriak jo gabe, atzean gehiago agintzen hasi zen. Distiratsu egon gabe, partida gogortzearen hautua egin zuten nafarrek, eta aurkariek baino pilota gutxiago galtzeak eman zien ezinezkoa zirudien garaipena amaiera estu batean. TXALOAK MURUARI Perfektua izateko, 22ra heltzea falta izan zitzaion Ander Muruaren debutari -Bikuña lagun, 22-10 galdu zuen Egiguren-Aldaberen aurka-, baina nekez ahazteko eguna izan zuen arrasatearrak, herritarrek sekulako harrera egin baitzioten.