GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala gelditzeko eskatu du LABek Donostian

Gipuzkoako Aldundiko langileek mobilizazioa egin zuten atzo, LABek deituta, Donostiako epaitegi aurrean, non Eibarko Egogain egoitzako zaintzaile postuen hizkuntza eskakizunen aurkako epaiketa egin zen. «Beste eraso juridiko baten atarian gaude», esan zuen LABek.

Euskararen kontrako epaiketak salatzeko elkarretaratzea egin du LABek Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko Eibarko Egogain zahar etxean lanpostuak egonkortzeko prozesuko euskara eskakizunari helegitea jarri zioten, eta atzo izan zen epaiketa. LABek deituta, hainbat langile Donostiako epaitegiaren aurrean mobilizatu ziren. «Azkenaldian, etengabeak izan dira Administrazio Publikoaren euskalduntze prozesuaren ardatz nagusietako bat diren lanpostuen hizkuntza-eskakizunen aurkako errekurtsoak eta ebazpen juridikoak», adierazi zuen sindikatuak.

Protesta “Euskararen aurkako erasorik ez” lelopean egin zen, eta sindikatuko hogei bat ordezkarik parte hartu zuten mobilizazioan. Kazetariei egindako adierazpenetan, Edurne Lizaso LABeko ordezkariak klase politikoaren «erantzukizuna» eskatu zuen, euskararen aurkako «eraso judizial bortitzei» aurre egiteko.

Bere ustez, «euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu» eta erantzukizunak bere gain hartu behar ditu. «Sindikatuoi neurriak bultzatzea dagokigu, pertsonek euskaraz lan egin eta bizi daitezen, eta klase politikoari, dagozkion legezko neurriak hartzea hori posible izan dadin», azpimarratu zuen.

Eraso hauen erakusgarri, gogoan izan zuen Uliazpiko kasua, non euskararen eskakizuna atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. «Etengabe indartzen doan oldarraldi juridiko horri galga jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz», gehitu zuen sindikatuak.

Honi konponbidea topatzeko adituek emandako zenbait proposamen azaldu zituen LABek. «Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu. Jakin behar du horrelako eraso juridikoen aurrean ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar direla, hori egin gabe oldarraldiak ez baitu etenik izango. Nork bere ardura politikoak hartu behar ditu», nabarmendu zuen.

CCOO, LABEN AURKA

Bestetik, CCOOk LABi leporatu zion «markatze eta seinalatze kontzentrazioa» sustatu duela zortzi zaintzaileren aurka, euskara eskakizuna egiaztatu ez dutenez enplegua egonkortzeko ezohiko prozesu batetik kanpo utzi dituztelako.

CCOOk defendatzen du kasu honetan «hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak guztiz bateragarriak direla, kontuan hartuta zaintzaileak 2-4 pertsonako taldeetan aritzen direla txanda eta solairu bakoitzean». Beraz, bere ustez, euskarazko arreta «guztiz bermatuta dago derrigorrezko hizkuntza eskakizuna duten %63ko plazen legezko indizearekin».

Bere ustez, «tamalgarria» da LABek «langile horien aurkako markatze eta seinalatze kontzentrazioa» egitea, baina bere hitzetan, «benetan kezkagarria da EAJk eta PSEk gobernatzen duten erakunde batek Eusko Jaurlaritzan indarrean dagoen hizkuntza araudia ez betetzea».